Bide Berdeen Eguna igandean ospatuko da

Guaixe 2017ko mai. 26a, 14:41

Etxeberri eta Lekunberri arteko ibilaldia eginen da, 9:45ean, frontoitik hasita.

Arakilgo Udala kide den Plazaola turismo partzuergoak urtero Bide Berdeen Eguna antolatzen du. Haren bidez trenbidearen ibilbide zaharrak nola birgaitu diren eta zikloturistendako ibilbide eta mendi-ibilbide nola bihurtu diren ezagutarazi nahi da. Aldi berean, Plazaola bide berdea ezagutarazteko eguna izan nahi du.

Horretarako bidea bertatik bertara ezagutzea baino hoberik ez dagoenez, iganderako ibilaldiak antolatu dituzte. Lekunberri helmuga duten ibilaldiak hainbat herrietatik abiatuko dira. Etxeberritik 9:45ean abiatuko da martxa, 15 km-ko luzera duena. Gainera, 11:30etik aurrera ibilbide animatu batek familia osoa parte hartzera gonbidatuko du. Lekunberrin ibiltariek programa zabal batez gozatzeko aukera izanen dute: txu-txu trena, ipar martxa ikasi eta praktikatu,  puzgarriak, pailazoak, globofexia-tailerra, artisautza-azoka eta beste.