Ostiralean hasi eta igandean despeditu zen afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia. Lotto talde belgiarreko Harm Vanhouckek irabazi du proba ezaguna, Lizarteko Jaime Castrillori 2 segundo eta Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Oscar Pelegriri 1:19 aterata. Talde sakandarreko Manuel Sola bosgarrena sailkatu zen, 1:49ra.
Txirrindulari sakandarrei dagokienez, Quick Step-Telco´m taldeko Pablo Villar 70.a sailkatu zen, 58:14ra, eta Rural Kutxako Eneko Aramendia iturmendiarra 74.a, 1:05:22ra. Taldekako sailkapenean Lotto Soudal talde belgiarra izan zen onena eta Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarra bigarrena.
Aipatzekoa da Nafarroako Itzulia Sakanatik pasa zela. Lehendabiziko etapa, ostiralekoa, Orkoienen hasi zen, eta Asiaindik Errotzen sartu ziren txirrindulariak, Izurdiagatik Irurtzunera sartzeko eta Sakana guztia zeharkatzeko. Altsasutik Altamirako portura sartu ziren txirrindulariak, Urbasan gora egin eta Zudairera iristeko. Etapa Lizarran despeditu zen eta Rural Kutxako Oscar Pelegrik irabazi zuen, lidergoa eskuratuz. Baina larunbateko etapan Lottoko Harma Vanhouckek etapa irabazi eta lidergoa kendu zion Pelegriri. Azkenera arte maillotari eutsi zion Vanhouckek eta Nafarroako Itzulia irabazi du, merezimendu osoz.
Bestalde, afizionatuen mailako Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Carlos Cobosek Alicanteko Vueltako lehen etapa irabazi zuen.