Sakanako Mankomunitateak ibarreko auzo-konpostagailuetan egiten den konposta sakandarren esku utzi du. Makina bat etxeetako materia organikoa kalitatezko konpost bihurtu dela azaldu dute Mank-eko Hondakin bilketa zerbitzutik. Orain hura eskuratu eta erabili nahi duenak aukera du, Arbizuko hondakindegitik pasa beharko du horretarako. Hondakin bilketa zerbitzutik jakinarazi dutenez, etxebizitza bakoitzeko 3 konpost zaku har litezke. Zakuak norberak eraman beharko ditu, baita haiek betetzeko tresnak ere.
Konposta gure lurren kalitatea hobetzeko erabil daiteke. Lore-ontzietan erabiliz gero lur normalarekin nahastu behar da, 3 zati lur konposteko bat proportzioa zainduz, bestela landarea erreko litzateke. Baratzeetan erabili nahi duenak lurraren gainean zabaltzearekin nahikoa du, hori bai, gehienez 2-3 cm-ko kapa eginez.
Altsasuarrei deia
Mank-etik, altsasuarrak 5. edukiontzian izena ematera animatu dituzte berriro ere. “Horrela, materia organikoa banatzen duten sakandarren gehiengoarekin bat eginen dute”. Izena emateko 900 730 450 doako telefonora hots egin daiteke edo Baratzekobiden dagoen lokomotoratik pasa daiteke asteazkenetan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Argibide horiek eta gehiago ematen dituen esku-orria jaso dute makina bat altsasuarrek egun hauetan, Altsasuko Udalak esku-orria etxeetara kontribuzio zergaren gutunarekin batera bidali baitu.