Sakana Lanbide Heziketa institutuak 3D inprimaketa ikastaroa emanen du garagarrilaren 6tik 28ra, astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 21:00etara. 40 orduko ikastaroan hiru dimentsioan inprimatzeko teknologia eta gaur egun gero eta sektore gehiagotan barneratzen ari diren prozedurak ezagutzeko balioko du. Institututik azaldu dutenez, “tresna hori beharrezkoa da merkatuetara jada iritsi den azken iraultzari egokitzeko, 4.0. industriari”.
Nafar Lansarek-k diruz lagunduta dago ikastaroa eta izen ematean langile aktiboak erabateko lehentasuna dute, baina langabetuek ere ikasteko aukera izanen dute. Jakinarazi dutenez, ikastaroan onarpen ordena izen ematearen ordenaren araberakoa izanen da.