Ipar mendebaldeko jubilatu eta pentsiodun elkarteen mahai jokoen finalak astelehenean jokatu ziren. Lakuntzako Gure Nahia elkarteak hiru txapelketetako finalak hartu zituen. Haietan sei elkarteetako 44 lagunek parte hartu zuten. Muslari trebeenak Iturmendiko Pedro Mª Goikoetxea eta Mikel Lopez izan ziren finalean Lakuntza-Arruazuko Patxi Azpilikuetak eta Pedro M. Ganboak osatutako bikoteari irabazi baitzioten.
Partxisean trebeenak Irurtzungo Paula Loidi eta M. Carmen Cruz izan ziren, finalean Lakuntzako Arantxa Urzelairi eta Sokorro Artiedari aurre hartu zietenak. Briskan, azkenik, abilenak Martina Lasa eta M. Angeles Agirre olaztiarrak izan ziren, Irurtzungo Ramona Franca eta Ines Labari baino hobe aritu baitziren. Finalak jokatu ondoren sari banaketa egin zen. Rural Kutxak, Mendigainek, Txistorras Arbizuk eta Isidoro Arregik emandako sariak jaso zituzten irabazleek. Ondoren, guztiendako auzatea izan zen. Heldu den urteko txapelketan parte hartzeko gonbidapena luzatuta despeditu ziren.