Nafarroako Gobernuaren 2017-2019 Toki Inbertsioen Planeko Uraren goi hornidurako inbertsioen programak 1.068.000 euroko diru-laguntza ekarriko ditu Sakanara. Haietatik 888.000 euro Sakanako Mankomunitatearendako izanen dira eta gainontzeko 180.000 euroak Irañetako Udalarendako. Azken horrek erregulazio biltegia berrituko du 2019an.
Ibarreko erakundeari dagokienez, bi lan aurreikusten ditu. Aurten eta heldu den urtean Iribasko iturburutik Irurtzunera ura daraman hodi nagusiaren tarte batzuk berritu nahi ditu. Lan horietara 650.738,02 bideratuko ditu Mank-ek eta gobernutik urtero 244.000 euroko diru laguntza jasoko du. Hiru tartetan berrituko da ur hoditeria: Iribasen 125.631,08 euroko inbertsioa eginen da, Mugiroko tuneletan 283.568,08 eurokoa eta, azkenik, Mugiroko 3. tuneletik San Migueltxorako tartean 241.538,86 euro. Kopuru guztiak BEZ zerga barne dute.
Lan horiek bukatuta, Mank-ek Urdalurko uharkako ura daraman sarea luzatzeko lanei helduko die 2019an. Asmoa Ihabar eta Irurtzun arteko tarte bat egitea da, zehazki Satrustegi eta Etxarren artekoa. Inbertsioa 532.400 eurokoa izanen da eta laguntza 400.000koa. Lanak 2019an eginen dira.