Nafarroako Gobernuaren 2017-2019 Toki Inbertsioen Planeko hiri hondakinen tratamendurako inbertsioen programatik Sakanako Mankomunitateak 594.532 euro jasoko ditu. Diru-laguntza horrekin Mank-ek 900.000 euro inguruko inbertsioari aurre egiteko aukera izanen du. Hiru dira Mank-ek eginen dituen lanak. Alde batetik, Arbizuko hondakindegian konpostatze planta egiteko lanen bigarren faseari ekinen dio. Planta gaur egun hondakinak isurtzen diren gunearen gainean jartzekoak ziren eta hura jasotzeko 675.965 euro (BEZa barne) aurreikusten ziren. Baina kokapena aldatu da eta 700.000 euro baino gehiagoko inbertsioa izanen da. Lan horiek aurten hasi eta heldu den urtean despedituko dira. Urte bakoitzeko ibarreko erakundeak gobernutik 269.225 euro jasoko ditu. Aurreneko fasean Mank-ek makineria erosi zuen, joan den urtean.
Horrekin batera, hondakinak biltzeko bi gune prestatuko ditu Mank-ek. Bien aurrekontua 240.000 euro ingurukoa da eta 56.082 euroko diru-laguntza du. Aurten Altsasuko Udalak Pilotajaukun duen biltegiaren ondoan garbigune bat eginen da. Hasiera batean 42.859,5 euroko inbertsioa aurreikusten zuen ibarreko erakundeak, baina, azkenik 200.000 euro inguruko lanak izanen dira. Egitasmoa aldatu eta handitu izanaren ondorioa da aurrekontua handitzea. Ziordian, bestalde, garbigune txikiago bat eginen du Mank-ek, elizaren atzeko aldean egonen da eta hura egiteak 10.423,28 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Bien lanak aurten despedituko dira.