Sakanako Plan Estrategikoaren turismo arloan jasotakoari segituz, Sakanako Mankomunitateak bi turismo informatzaile kontratatzeko deialdia egin du. Kontratatutako pertsonen egitekoak honakoak izanen dira: turisten harrera eta informazioa ematea; informazio eta datuen bilketa, eguneratze eta tratamendua; bisiten gidaritza; turismoari loturiko jardueretan turismo arduradunari laguntzea eta material turistikoaren bilketa eta kudeaketa. Garagarrilaren 26an hasiko dira lanean.
Interesa duten pertsonek hainbat betebehar dituzte. Alde batetik, langabezian egotea deialdi hau onetsi aurretik eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea, enplegu-eskatzaile gisa. Lana hobetzeko inskribaturik dauden pertsonek ezta autonomo gisa alta emanda daudenek ere ezin izanen dute deialdian parte hartu. Gainera, Lanbide Heziketako Bigarren Mailako edo Batxilergoko titulua izatea eskatzen da. EGA titulua edo baliokidea ez dutenek euskara proba pasa beharko lukete. Horretaz aparte, B motako gidabaimena eta ibilgailu propioa izatea beharrezkoa da. Baita B1 edo haren baliokidea den ingeles titulua izatea ere. Deialdiari buruzko argibide guztiak Mank-en web orrian daude.