Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Babestutako Gizarte Enplegu proiektua du. Han parte hartzen duten pertsonei trebatzeko eta prestakuntza jasotzeko hainbat lan eskaintzen dizkiete Iturraskarri egitasmoaren bidez. Gizarte egitasmo horren onuradun bakarrak ez dira Iturraskarrin ari diren pertsonak, jendarte guztia baizik. Izan ere, langileek, bideak, askak, garbitokiak, bideak eta bertako ondarearen adierazle direnak zaharberritzen edo txukuntzen dituzte. Beraz, gizarte-izaera duen proiektuak turismoa sustatu eta bertako ondarea, kultura eta natura babesten ditu.
Mankomunitateak erabaki du aurten Iturraskarriren bidez egindako lana ezagutzera ematea. Horretarako haur eta helduei zuzendutako txangoan antolatzeaz aparte, Iturraskarriko bide guztiak jasotzen dituen materiala argitaratuko dute bai Interneten bai paperean. Horrekin batera, orain arteko 12 urteetan txukundutako bideetan mantentze lanak eginen dituzte. Azkenik, bide sarearen babesle izanen diren 35 pertsona opatu nahi dituzte.
Iturraskarriko bideetan barna
Babestutako Gizarte Enpleguaren bidez berreskuratu diren bideak garai batean, orain dela gutxira arte, azienda salerosketetarako, senideei bisitak egiteko, herrietako festetara joateko eta bestelakoetarako erabili izan dira. Utzikeriagatik edota ahanzturagatik hainbat bide tarte, partikularrek, errepideek, lur biltzek, sasiek… hartuak dituzte. Iturraskarrik bide horiei duten ondare-balioa, balio historikoa, oroitarazlea eta funtzionala bueltatu nahi die, handia izan baita.
Urteroko lanarekin osatutako bide sarea txikiei ezagutarazi nahi diete, haurrek haien edertasunaz, erabilgarritasunaz eta aberastasunaz jabetu eta merezi duten errespetuaz eta zaintzaz sentsibilizatzeko. Horretarako, ikastetxeei zuzendutako txango gidatuak eginen dituzte. Ikastetxeei eta txikiei ere bide zati baten babesle izatea proposatuko diete. Onartuz gero, zati horretan txangoa egin eta bidea zein egoeratan dagoen jakinarazi beharko liokete mankomunitateari. Garagartzaroaren 13an, asteartean, Uharte Arakilgo eskola publikoko ikasleak eginen dute txangoa. Garagartzaroaren 15ean, ostegunean, berriz, Irurtzungo Atakondoa eskola publikokoek. Betelu eta Lekunberriko eskoletakoen txanda irailaren 12an eta 14an izanen da.
Helduendako eskaintza
Iturraskarriko bide-sareak 170 km-ko luzera du. Hura bost etapetan ezagutzea proposatu dute mankomunitatetik. 15 eta 20 km arteko ibilbideak proposatu dituzte. Ibiltariek bidean Iturraskarrin egindako lanari buruzko azalpenak jasoko dituzte eta, akaberan, auzatea izanen dute. Herri berean hasi eta bukatzen diren bi etapa daude, baina beste hirurak herri batean hasi eta bestean bukatzen dira. Azken horietan parte hartzen dutenek irteera puntura itzultzeko garraioa izanen dute.
Etapak | |
Ibilbidea | Eguna* |
Arruazu-Egiarreta | Garagartzaroak 17, larunbata |
Egiarreta-Errotz | Garagartzaroak 18, igandea |
Arribe-Arribe | Irailak 10, igandea |
Errazkin-Latasa | Irailak 16, larunbata |
Irurtzun-Irurtzun | Lastailak 8, igandea |
Izen ematea
Etapa bakoitza baino 3 egun lehenagora arte, 639 127 271 telefonoan. Doan.
Bide babesleak
Iturraskarriko arduradunek bide sarea egoera onean mantendu nahi dute. Horretarako, konpromiso erraz bat hartuko duten 35 babesle lortu nahi dituzte. Haien egitekoa aukeratutako bide zatian urtean behin buelta bat ematea eta hura zein egoeratan dagoen jakinaraztea da egiteko bakarra. Hau da, margo-markak berritu behar diren, zuhaitzen bat erori den, lurra erori den edota sasiak kendu behar diren esatea.
12 urteko ibilbidea
Iturraskarri 2006. urtean jarri zen martxan. 12 urte horietan garbitokiak, iturriak, askak, konjurutokiak, ferratokiak, korrika-lekuak eta berdeguneak berritu ditu. Horretaz aparte, eskualdeko herri guztiak lotzen dituzten bide asko, burdinbide berdeak, Donejakue bidea, errege-bideak, errege-abelbideak, mandazainen bideak, suebakiak, gurdibideak eta xendak garbitu, markatu eta bertan mantentze-lanak egin ditu.
Horiek guztiek historia, bitxikeria, edertasun eta ezagutza ugari gordetzen dute bere barnean. Haiei buruzko ezagutza bultzatu nahi da Iturraskarriren bidez, merezi duten errespetuaz eta zaintzaz sentsibilizatzeko, baloratu eta gozatzeko. Era berean, panel informatiboak jarri eta liburuxkak eta web-orriak argitaratu dituzte.
Makina bat jenderen ahaleginaren fruitua da Iturraskarri. 12 urte horietan sari eta aitorpen ugari jaso ditu proiektuak, ondarea berreskuratzeko egindako lanagatik eta jardunbide egokiagatik, eta oro har proiektua bere osotasunean hartuta.
Urtero zortzi
Iturraskarri proiektuan urtero zortzi pertsonak lan egin dute, launa gizon-emakume. Guztiak begirale batekin aritzen dira lanean. 12 urte hauetan guztira 89 pertsona aritu dira proiektuan trebatzen.
Aurkezpenaz
Iturraskarri bideak egitasmoaren aurkezpenean Mankomunitateko kide diren udal ordezkariez aparte, Iratxo eta Ttutturre mendi taldeetako ordezkariak, Uharte Arakilgo eta Araizko mendi lasterketetako antolatzaileak eta mendizaleak izan ziren. Haien bidez bideen eta babesle ekimenaren berri zabaldu nahi dute.