Barranka Txirrindulari Taldeak, hainbat entitateren laguntzarekin VII. Sakana-Burunda 2017-Gran Fondo Navarra bizikleta martxa antolatu du bihar, larunbatean, Altsasun. Antolakuntzak bi ibilbide antolatu ditu, luzea (160 km) eta ibilbide laburra (118 km). Dagoeneko 159 txirrindularik eman dute izena eta guztiak goizeko 8:00etan abiatuko dira, Altsasutik. Proba ez lehiakorra da Barrankak antolatutakoa; bizikletaz gozatuz Sakanako paraje ederretatik barna buelta eman eta goiz ederra pasatzea da asmoa, Altsasuko helmugara iritsi eta gero, bapo bazkaltzeko.
Aurtengo ibilbidean aldaketa nabarmenak egin ditu antolakuntzak. Esaterako, hasieran ez dira Urbasara joango, orain arte egiten zen bezala. Altsasutik San Pedrorantz joko dute hasieran, bertatik Urdiainera iristeko. Ondoren, Etxarriraino joango dira eta bertatik Lizarragako bidea hartuko dute, portua igo eta Arbizura jaitsiz. Aurrera eginez, Uharte Arakilen San Migel igoko dute –proba ez lehiakorra da, baina igoera kronometratzen da–. Ondoren, Lekunberrira jaitsiko dira, handik Irurtzunera joko dute eta bertatik Aizpunera, Arizaletara eta Lezaunera, Lizarragako portua jaitsi eta Altsasuko bidea hartzeko.
Ibilbide motzean, aldiz, Uharte Arakiletik zuzenean Irurtzunera joko dute, Aralar santutegira igo gabe, eta ondoren, luzeko ibilbide berbera egingo dute.
Ibilbide luzekoek goizeko 8:00etan ekingo diote bideari eta laburrekoek, aldiz, 8:30ean. Izena ematea ekainaren 1ean despeditu zen eta 159 txirrindulari daude izena emanda. Behin helmugara iritsita, guztiek kamiseta jasoko dute opari eta Altsasuko plazan bapo bazkaltzeko aukera izango dute. Bestalde, txirrindularien artean opariak zozketatuko ditu antolakuntzak.
barrankatt.com
Sakana-Burunda 2017-Gran Frondo Navarra probako informazio guztia: ibilbideak, perfilak, rutometroak, araudia, argazkiak eta beste.