Parapentearekin hegan egitea maite dutenek hitzordu garrantzitsua dute asteburuan. Izan ere, Baiza Parapente Taldeak antolatuta, larunbatean, goizeko 9:00etatik aurrera, Sakana Parapente Eguna, Maiatzak 40 ospatuko da Iturmendin eta Sakanako zeru zabalean.
Hegan egiteaz gain, bertako produktuen azoka eta parapente banatzaileen erakusketa antolatu dituzte Iturmendin, hamaiketakoa, afari herrikoia, kontzertuak eta beste. Guztia prestatzeko makina bat babesleren laguntza izan du Baiza Parapente Taldeak eta horregatik oso eskertuta daude. Parapente festaz gozatzeko Iturmendira hurbiltzeko deia egin dute antolatzaileek.
Aurreko urtean 100 parapentelari baino gehiago bildu ziren Sakana Parapente Egunean eta eguraldiak laguntzen badu, antzeko parte-hartzea espero da. Goizetik arratsaldera arte hegan egitea, hori da Iturmendin bilduko direnen asmo nagusia, eta horretarako eguraldia eta haizea lagun izatea, ez dute besterik eskatzen. Baizatik diotenez, Sakana Parapente Eguna Euskal Herriko parapente topaketa hoberenen artean dago, urtetik urtera pilotu eta zale gehiago erakartzen baititu. Parapentearen munduan mugitzen den lagunen topaketa bikaina da Sakanakoa.
Lehen hegaldi saiotik hasita, zer jan eta edan egongo da Iturmendin, ilunabarrera bitartean. Bestalde, Santa Marinara edo Aralarrera, aireratze guneetara igoera gidatuak izanen dira, eta aireratze guneetara garraio etengabea. Hegan egitearen sentsazioa probatu nahi dutenendako biplaza hegaldiak eskainiko dira prezio merkean, "inor hegan egin gabe geratu ez dadin". Horretaz gain, parte hartzaileen artean opari bikainak zozketatuko dira.
Akanpatzeko aukera
Sakana Parapente Egunera etortzen direnendako aste bukaera osorako akanpatzeko tokia izango da.
Axio Aranburu gogoan
Aurreko urteko agorrilaren 8an zendu zen Axio Aranburu Zurutuza, mendizale eta parapentelari altsasuar gaztea, 31 urte zituela, Frantziako Alpeetako Ecrins mendilerroan eskalatzen ari zela. Euren taldekide eta laguna gogoan izan dute Baiza Parapente Taldekoek eta aurtengo kartelean bere argazkia agertzen da.
Sakana Parapente Eguna, maiatzak 40
Ekainaren 3an, larunbatarekin
9:00etan: Izena aematea Iturmendiko Aitzkozar elkartean.
10:00etan: Lehen erremontea edota gidatutako oinezko igoera.
11:30ean: Non Stop hamaiketakoa.
20:00etan: Kontzertua.
21:30ean: Afari herrikoia eta zozketak
23:30ean Kontzertuak Iturmendin: Z.I.N.T.Z, La Inkilina, Dentera, Unnamables-Innombrables.