Euria, Sakana-Burunda martxako protagonista

Guaixe 2017ko eka. 5a, 12:57

Antolakuntzak ibilbide luzea bertan behera utzi zuen (160 km) eta irteerara aurkeztutako 90 txirrindulariek ibilbide motza egin zuten (118 km)

Aurten nobedadeekin zetorren Barranka Txirrindularitza Taldeak antolatutako VII. Sakana Burunda 2017-Gran Fondo Navarra bizikleta martxa ez lehiakorra. 124 km-tik 160 km-ra luzatu zuten ibilbidea, Goñi eta Lizarraldean sartuta. Horretaz gain, 118 km-ko ibilbide laburra zegoen. Baina goizeko 8:00etan, hain justu ibilbide luzekoak atera behar zirenean euri-zaparrada potoloa hasi zen. Txirrindulariekin hitz egin ondoren, antolakuntzak ibilbide luzea bertan behera uztea eta guztiek ibilaldi laburra egitea erabaki zuen, “San Migeleko kronoigoera baldintza hauekin egiteak dakarren arriskua eta beste ekiditeko”, antolatzaileen esanetan.

160 txirrindulari zeuden izena emanda, bi probatan, eta azkenean 90 izan ziren irteerara aurkeztu eta proba laburra egitera animatu zirenak. Movistar Team taldeko Gorka Izagirrek moztu zuen hasierako zinta eta ibilbideari ekin zioten txirrindulariek. Irurtzunera bidean, Sakanako herri ia gehienetatik pasa ziren. Uharte Arakiletik ez ziren San Migelera igo; horren ordez, aurrera egin zuten Irurtzuneraino eta bertatik, Izurdiaga eta Errotz zeharkatuta, Anotz, Goñi, Aizpun, Genbe, Vidaurre, Muez eta Lezaunera iritsi ziren. Lizarragako portua jaitsita, Etxarrira iritsi ziren eta Altsasurantz jo zuten, Altsasura San Pedrotik iritsita.

Goñi San Migel ordez
Sakana-Burunda martxa ez lehiakorra da, baina lehiaketari saltsa emateko San Migeleko igoera kronometratzen da beti. Aurten, San Migel ez igotzea erabaki zutenez, Goñiko portuko igoera (8,3 km) kronometratu zuen antolakuntzak. Portua igotzen azkarrenak Asier Irigoien (16:27) burlatarra eta Aintzane Barrena gasteiztarra izan ziren (24:18).

Helmugara iritsita fideuá bikainarekin indarrak berreskuratzeko aukera izan zuten txirrindulariek. Txirrindulari batzuk proba luzea egin ez izenaren pena zuten, baina ibilbide motza oso polita zela nabarmendu zuten.

Igandean Altsasuko BTT Zeharkaldia
Barranka Txirrindularitza Taldeko 30 boluntario inguru aritu ziren lanean antolakuntzan. Astean barna ere lanean jarraituko dute, igandean jokatuko baita Barrankak antolatutako Altsasuko BTT Zeharkaldia, bi distantziatan (luzea, 51 km eta motza, 41 km). Ostiralera arte eman daiteke izena (www.barrankatt.com).

Argazkiak: Guaixe eta Barranka txirrindularitza taldea.