Larunbatean eguraldiak ez zuen batere lagundu eta parapentelariek ezin izan zuten euren zaletasunaz gozatu. Baina, hala ere, Iturmendi parapentelarien bilgune izan zen, Baiza Parapente Taldeak antolatutako Sakana Parapente Egunaren gonbiteari erantzun baitzioten makina bat zaletuk.
Iturmendiko frontoian barra jarri zuten eta parapentelariak hornitzen dituzten enpresek euren postutxoa jarri zuten. Hortaz, parapente munduan dauden azken nobedadeak zuzenean ikusteko aukera izan zen. Horretaz gain, hainbat artisauek bere postutxoa jarri zuen, frontoiko estalpean. Bitartean, zer jan eta zer edan bazegoen, eta, gutxinaka, giroa berotzen joan zen. Eguraldiak ez zuen onera egiten –frexkoa eta tarteka euria, hori zen panorama– eta, horregatik, Santa Marina edo Aralarrera ezin izan zuten igo parapentelariek. Hegan egingo ez zutela ikusita, eguraldi txarrari aurpegi ona jarri eta Iturmendiko frontoiko festarekin jarraitu zuten makina bat tokietatik etorritako parapentelariak. Dentera, Zintz, La Inkilina eta Unnamables taldeen kontzertuek giroa berotu zuten eta parapentelarien artean makina bat sari zozketatu ziren. Bikain pasa zuten guztiek. “Soilik hegan egitea falta izan zaigu”. Ea hurrengo urtean.
Argazkiak: Guaixe eta Baiza.