Asteburuan haurren eta jubenilen mailako Espainiako Irristaketa Zirkuituko Abiadura Txapelketa eta Espainiako Kimuen Mailako Kopa jokatu ziren Oviedon. Hasiera batean Gijongo Las Mestas zirkuituan jokatzekoak ziren, baina Oviedoko La Pixarrara joan behar izan zuten euria zela eta. Izan ere, eguraldiak ez zuen batere lagundu, baina gure neska-mutikoak primeran aritu ziren.
Irristalari sakandarrak
Sakana Irristaketa Taldeko Maddi Goya, Maitane Igoa, Yeray Goikoetxea eta Jon Mintegi irristalariek tamaina honetako txapelketan aritu ziren lehen aldia izan zela honakoa. Ana Rita Correiarendako, aldiz, bere hirugarren parte-hartzea izan zen. Esperientzia ederra izan da beraiendako.
Jubenilen mailan, Unai Villalobosek bi domina jaso zituen: 15.000 m kanporaketan zilarrezko domina eta 200 m erlojupekoan (18.649) brontzezkoa. Bestalde, 435 metrotan laugarrena sartu zen eta 10.000 metroko puntuazioan ere laugarrena izan zen. Sailkapen orokorrean bigarrena sailkatu zen. Bestalde, Ander Chamorrok 435 m sprintean brontzezko domina lortu zuen (47.510), Leire Molinak 1.000 m sprint proban brontzezkoa eta Unai Baztan ere oso ongi ibili zen. Anne Lapuente ziordiarrak erorikoa izan zuen 1000 m-ko esprintean eta baita 5.000 m puntuazioan, baina bosgarrena sailkatzea lortu zuen azken proba honetan.