Korrikalariek Iturmendin dute hitzordua

Guaixe 2017ko eka. 8a, 16:30

Larunbatean jokatuko da XIII. Aitzkozar Herri lasterketa. 17:00etan kategoria txikien probak izanen dira eta 18:30ean, proba nagusia (8,1 km)

Iturmendiko Aitzkozar eta Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteek antolatzen dute Aitzkozar Herri Lasterketa, makina bat babesleren laguntzarekin. Azkeneko edizioa Bakaikun jokatu zen eta, hortaz, aurten Iturmendiri dagokio. Horrela, Iturmendin jokatuko da, bihar, larunbatarekin, XIII. Aitzkozar Herri Lasterketa.

Lehenik eta behin txikienen probak jokatuko dira. 17:00etan hasita, aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak lehiatuko dira. Ondoren, 18:30ean, jubenilen eta nagusien txanda helduko da, orduan abiatuko baita proba nagusia. Iturmendi eta Bakaiku artean prestatutako zirkuituari bi buelta emanda, guztira 8,1 km-ko proba izanen da jokoan dagoena. Iturmendiko lasterketa Sakanako Kopa-Lasa Kirolak sarirako puntuagarria da.

Ibilbide gorabeheratsua osatu eta gero, sari ematea izango da. Partaide guztiek oroigarria jasoko dute eta lehendabiziko hirurek trofeoa. Eta, jakina, auzatea egongo da bildutako guztiendako.  

Izena emateko
Iturmendiko Aitzkozar elkartean, lasterketa hasi baino ordu bat lehenago edo 948 562 034 edo 606 398 802 telefonoetan. Helduek 5 euro eta haurrek dohainik.