Pause, IKTen erabilera egokia sustatzeko

Guaixe 2017ko eka. 9a, 14:59

Pause programaren aurkezpenean prebentzio teknikariak, Antox elkarteko kideak eta Caixako gizarte ekintzakoak izan ziren.

Haren bidez Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) inguruko prebentzioa, abusua eta erabilera egokiaren sustapenan eginen da. 12 ikastetxeetako komunitateei zuzenduko zaizkie Antox elkartea eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak.

Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio programetako teknikariek Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) gaia lantzeko beharra sentitu dute. Etxarri Aranatz aldeko teknikari Lucia Gonzalez de Pedroso teknikariak azaldu duenez, guraso, ikastetxe eta begiraleen aldetik jaso dute kezka. "Gure aukeren barruan, erantzuten joan gara. Hala, joan den urtean Pause programarekin zenbait jarduera egin genituen".

Beharrak segitzen du eta programa sustatzen duen Antoxekin (Drogamenpekotasunaren Ikerketarako, Prebentziorako eta Errehabilitaziorako Nafarroako elkartea) batera hura zabaltzea erabaki dute. Elkarteko presidente Federico Iriartek azaldu duenez, "IKTak gure egunerokoan ezinbesteko bitarteko bihurtu dira, informaziorako, komunikaziorako, aisialdirako eta lanerako. Hori horrela, elkarteak bere profesionalak IKTetan trebatzea sustatu du, gizartean sortzen ari den premia bati erantzuteko. Horren fruitua da Pause programa". Besteak beste, jardun digitalari mugak eta irizpideak jartzea, on-line joko patologikoa eragoztea eta IKTen erabilerak sortzen dituzten kontrol eta menderatze erlazio ereduak saihestea du helburu programak.  

Komunitate-prebentzioa
Blanca Martinez Pause programako psikologo teknikoa da. Berak eta elkarteko gizarte langileak IKTen inguruan irizpideak jarri beharra zegoela jabetu ziren. "Eskaera dago eta beharrezkoa jotzen dugu". IKTek gizarte guztiarengan "inpaktua" dutela nabarmendu zuen: "helduak gaindituak bagaude, haur eta nerabeak kalteberagoak dira. Gizarte aldakorrean gelditu, hausnartu eta ikasteko" tartea izan nahi du Pause programak. Ikastetxeko komunitate guztiari zuzendutako programa dela nabarmendu du Martinezek. "haur, guraso eta irakasleek irizpide berak izanik prebentzioa indartzea lortuko dugu".

IKTen erabilera ziurra, osasungarria eta arduratsua sustatzeko elkarteko kideak ikastetxeetara joaten dira. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1., 2. eta 3. mailetako ikasleekin bi orduko bi saio egiten dituzte, eta haien artean aste bateko aldea egoten dago. Irakasleekin ordu eta erdiko trebakuntza saioa egiten dute eta beste horren beste gurasoekin. Programak 3.379 onuradun izanen ditu. Haietatik 1.168 ikasleak dira, 2.036 gurasoak eta gainontzeko 175ak irakasleak.
Martinez de Pedrosok horixe nabarmendu du hain zuzen ere: "oso positiboa iruditzen zaigu aldi berean hiru aldeekin lan egitea".Haiek izan dira ikastetxeetako ateetan jo dutenak eta jaso duten erantzuna "positiboa" izan dela nabarmendu du.

Bai Antox elkarteko presidente Federico Iriartek eta Sakanako hiru prebentzio teknikariek La Caixaren Gizarte Ekintzak egindako 17.000 euroko ekarpena eskertu dute. Diru-laguntza horri esker ezarriko da Pause programa. CaixaBank-eko Sakanako Negozio Arloko zuzendari Gerardo Etxabarrenek azaldu zuenez, Nafarroan gizarte ekintzara aurten 13,5 milioi bideratuko dituztela.

Dozena bat ikastetxe
Irurtzungo Atakondoa ikastetxe publikoa, Uharte Arakilgo San Migel ikastetxe publikoa, Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxe publikoa, Etxarri Aranazko San Donato ikastetxe publikoa eta Andra Mari ikastola, Iturmendiko Arrano Beltza ikastetxe publikoa, Urdiaingo ikastetxe publikoa, Altsasuko Zelandi ikastetxe publikoa, Iñigo Aritza ikastola, Sagrado Corazon ikastetxea eta Altsasu institutua eta Olatzagutiko Domingo Bados ikastetxe publikoa.