Burunda klubeko Iker Mintegik mustu du kadete mailako bere palmaresa, igandean Undianoko lasterketa irabazi baitzuen. Hiru txirrindulari iritsi ziren Undianoko helmugara, eta esprint oso estuan Mintegi gailendu zitzaien Aralar klubeko Intersport Irabiako Igor Arrietari eta bere taldekide Unai Aznarri. Beraz, podium guztiz sakandarra izan genuen Undianon.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Urko Gorriti (I.I.) 8.a sailkatu zen, Aitor Alberdi (I.I.) 9.a eta Inhar Astitz (I.I.) 13.a. Irabia izan zen probako talde onena. Bestalde, Mintegi lehen urteko kadeteen sailkapeneko lehena izan zen eta Unai Aznarrek mendiko txapelketa irabazi zuen.
Etxeberriaren erorikoa Anoetan
Junior mailako tropela larunbat goizean Anoetan aritu zen (87 km). 97 txirrindularik ekin zioten ibilbideari eta 62k lortu zuten despeditzea. Proba nahasian, Ampo taldeko Aritz Urrak irabazi zuen, esprintean. Intersport Irabiako Josu Etxeberria txirrindulariak erorikoa izan zuen baina hala ere lasterketa 7. Postuan despeditzea lortu zuen, helmugara odoletan helduta. Zorionez, zauri arinak dira. Quesos Burundako Ailetz Lasa 12.a sailkatu zen, Hodei Zia 30.a, Irabiako Beñat Etxezarreta 32.a eta Q.Albenizko Josu Jaka 62.a.
Bukatzeko, eskola mailako txirrindulariek larunbatean lasterketa izan zuten Etxarri Aranatzen eta igande goizean Villatuertan.