Sakanako Plan Estrategikoaren harira, 2011an adostutako ibilbide orria jarraituz, aurreko urtean Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horretan, 250.000 €-ko ekarpena egiten zuen Gobernuak guztira 58 ekintza garatzeko.
Hitzarmen horrek aukera berriak ireki ditu: garapen agentzia asko sendotu da kontratazio berrien bidez. Gobernuarekin elkarlanerako markoa finkatu da, eta bide honetan arduraz eta seriotasun osoz eraginkorrak garela frogatu diogu.
Horren adibide, ANEL eta Sakanako Garapen Agentziak sinatu berri duten hitzarmena. Helburu nagusia, eskualdean ekonomia sozialeko enpresak sortzea da. Enplegu jasangarria sortzea da Sakanako Plan Estrategikoaren helburu nagusia, eta krisian, ekonomia sozialak argi utzi du eredu oso eraginkorra dela. Batik bat, lurraldeari lotutako enpleguak sortu eta haiei eusteko modelo perfektua delako.
Bide berean, eskualdean ekintzailetza eta ekonomia sozialaren gaineko sentsibilizazio nahiz informazio jarduerak egingo direla komunikatu zuen Mankomunitateko zuzendari Aitor Karasatorrek. Aipatzekoa da, bestalde, bertako aktoreekin batera ekonomia sozialeko proiektuak identifikatu, dinamizatu eta garatzeko laguntza eskainiko duela Garapen Agentziak.
Aurreko astean, Nafar-Lansarek jakinarazi duen moduan, Altsasuko Enplegu Bulegoan langabeziak 52 pertsonatan egin du behera maiatzean. Aurreko urtearekin alderatuta, langabezi tasak %14 egin du behera. Tasa onak direla esan dezakegu aurreko urteekin alderatuta, baina oraindik 885 pertsona daude lan bila, Iruñean izena emanda dauden irurtzundar eta arakildarrak kontutan izan gabe.
Jarrai dezagun elkarlanean lan egiten, erakunde publiko, enpresa, teknikari, elkarte, pertsona. Eskualdeak badu zentzua, Sakanak badu bizia.