%3,7a

kolaboratzaileak

Klasikoa bihurtu den Altsasuko BTT Zeharkaldian iltzaturik gelditu zaidan irudia kontatzeko erabiliko ditut hitz-lerro horiek. Igande goiza, herriko plaza gainezka,  aurrera, atzera, ezkerrera edo eskuinera begiratuta ere, mendiko bizikletadun gizonak  non-nahi. Baina, halako batean, nesken bat ikusten dut eta “deformazioak” eramanda gehiago baziren arrastinatzen hasten naiz. Onddoak bilatzen nenbilela zirudien. Bakan batzuk ikusten ditut, baten bat ezaguna eta besteren bat herrikoa.  

Eta kuriositateak jota abiatzen naiz mendiz inguratutako bailara honetan txirrindularitzan emakumeen presentzia holako irtenaldietan nolakoa den ezagutzera. Irakurketa subjektiboetan ez erotzeko, adierazle objektiboetara jo behar izaten denez, sexuen arabera banatutako datuak behar nituela jabetzen naiz. Barranka Txirrindularitza taldekoekin dudan konfiantzaz baliatuz, datuak eskatzen dizkiet. Emakume asko zirela esan didate, beste urte batzuetan baino gehiago. Kalkulagailua hartu eta hiruko erregela egiten dut: BTT martxa egin duten mila erdi pasatxo lagunen artean  %3,7a emakumezkoak izan dira.

Badakigu emakume kirolarien egoera gaur egungo gizartearen isla baino ez dela, non gizonezkoak nagusi baitiren arlorik gehienetan. Eta emakume kirolarien jarduna, gehienetan, gizonenaren itzalpean geratzen dela, % 3,7 horiek kasu. Kirolari emakumeen ereduak behar ditugu eta egon badaude, urrutira joan gabe. Asko dauzkagu, trebeak gainera; goi mailako kirolari izan edo ez.  

Bizikletaren historian izan diren emakumeak itzalpetik eta ahanzturatik ateratzea ere garrantzitsua dela iruditzen zait. Honatx istorio txiki bat, zuentzat opari: ehun urte beteko dira Alfonsina Strada-k Italiako Giroan parte hartu zuela, bere izenaren azkeneko letra kendu, a, eta mutil moduan izena eman zuen. Bere desioa eta ametsa karrera hori egitea zen, senarrak ezkontza egunean oparitutako bizikletarekin. Aldagailurik gabeko hogei kiloko gizonezkoentzako bizikletarekin ausartu eta gizonen artean lehiatu duen lehen eta azken emakumea izan da. Bizikletaren historian urrezko letrekin idatzirik egon beharko lukeen ausardia.

Gaurko egunera bueltatuz, bejondeizuela mendi bizikleta martxan ibili zareten neska-emakumeoi! Datorren urteko XXIII. ekitaldian beste horrenbestek edo gehiagok parte har dezazuela! Eta bide batez, zorionak baita ere Barranka Txirrindularitza taldeko gizon-emakumeei, gure bailarak duen mendi inguruneaz gozatzeko parada eskaintzeagatik eta horrelako ekimen arrakastatsua, jendetsua eta ez lehiakorra hain ongi antolatzeagatik.