Inbertsioek Mank-en aurrekontua bikoiztu dute

Guaixe 2017ko eka. 16a, 09:40

Sakanako Mankomunitatearen aurrekontua joan den urteko 3.673.181,7 euroetatik 6.756.035,2 eurotara pasa da.

Sakanako Mankomunitateko buru Aitor Karasatorre Mugurutzak esan digunez, “zerbitzuen mantentzea ohiko aurrekontuarekin. Aldaketa nabarmenena izan da inbertsioetan, bikoiztu egin direla”. Karasatorrek azaldu duenez, Arbizuko hondakindegian egitekoa zen 2011ko inbertsio bat berreskuratu da eta horrekin batera Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planean sartu diren lanak daude.

Europak aginduta hondakindegiak itxi egin behar dira. Mank-ek Arbizuko hondakindegiaren zati bat ixteko proiektua 2011n onartu zuen, baina Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza faltak orain arte lanak egin ezin izatea ekarri du. Lanak aurten despeditzea zen asmoa, baina tramitazioa luzatu denez, agorrilean edo irailean hasiko dira lan horiek eta 2018 hasieran despedituko dira. Euri ura ez sartzeko eta lixibiatuak ez sortzeko lamina bat jartzean datza lana. Horrekin batera, arriskutsuak ez diren industria hondakinak hartzeko beste toki bat prestatuko da hondakindegian. Zortzi urtez ibarreko enpresei bertan zerbitzua eman nahi zaio horrela.

Konpost planta
Itxi behar den hondakindegiaren gainean konpost planta egitekoa zen Mank. Baina lurra egonkorra ez denez, zimentazio lan handiak eskatzen zituen eta proiektua garestitzen zuen. Aukerak aztertzen, azkenik, ibarreko erakundeak Arbizuko Udalarekin hitzarmena itxi du eta transferentzia eraikinaren atzean eginen da konpost planta, Arbizuko herri lurretan. Bi erakundeek hitzarmena sinatu dute eta horren arabera Mank-ek hainbat urtez hura erabiltzeko aukera izanen du. Horregatik, dagokion tasa pagatu beharko dio Arbizuko Udalari. Konpost plantaren lan guztiak Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren eta Toki Azpiegitura Planaren bidez ordainduko dira, osorik. Konpost plantaren lanak heldu den urtean despedituta egonen dira. Sakanako materia organikoa bertan kudeatuko da eta sortutako konposta han banatuko da.

Plan horretan ere Altsasuko eta Ziordiko berdeguneak zeuden. Altsasukoa aurreikusi baino handiagoa izanen da partzuergoak bere gain hartu duelako eta aurrekontua 80.000 eurotik 200.000ra pasa delako. Planak Iribasdik Irurtzunera doan ur sareko zatiak berritzeko diru-laguntza eta Urdalurko ur sarea Ihabardik Irurtzunera luzatzeko laguntzak jaso ditu Mank-ek.

Bestalde, transferentzia plantak ez du aterik eta han pilatutako plastikoak haizeak eramaten ditu. Hori eragozteko partzuergoak ateak jartzea pagatuko du. Han pilatutako hondakindegiak Sakanatik kanpo eramaten dira: papera eta kartoia eta ontziak tratamendu enpresetara, errefusa Tuterako hondakindegira eta materia organikoa Mendigorriako tratamendu plantara. Astean bizpahiru kamioi joaten dira hara. Konpost planta eginda ez dira kamioi bidaia horiek egin beharko.

Altsasu
Materia organikoa biltzeko 5. edukiontzia jartzea adostu zuten Mank-ek eta Altsasuko Udalak. Jendearen izen ematea “oso motel” doala eta, horregatik, epea luzatu dutela azaldu du Karasatorrek. “Izena eman dutenekin udazkenerako edo hastea espero dut. Oso gutxik eman dute. Helburuak ez dira inondik inora bete. Baina materia organiko hori jasotzen hasi beharko dugu”.  

Plantilla
Karasatorrek jakinarazi duenez, hondakin teknikaria kontratatzeko deialdia aurki eginen dute. Idazkariaren postua betetzeko asmoa ere badute. Aurretik ere egin zuten. Baina plaza eskuratu zuen langileak bi urteko eszedentziaren ondoren postuari uko egin dio. Haren hutsunea, momentuz, Arakilgo idazkariak bete du.

Inbertsioen datuak
Ur biltegiak eta instalazioak altan 546.800 euro
Instalazioak bajan 60.000 euro
Kontagailuen berritzea 45.000 euro
Edukiontziak 10.000 euro
Gune garbiak 53.285 euro (baina 300.000 aurreikusten dira)
Kamioiak 18.000 euro
Hondakindegia egokitzeko proiektua 1.638.235 euro
Konpostatze planta 637.487 euro