Nafarroako Gizarte Ekonomia Enpresen elkarteko (ANEL) lehendakari Ignacio Ugaldek eta Sakanako Garapen Agentziako lehendakoari Aitor Karasatorrek lankidetza hitzarmena sinatu zuten asteartean. Haren helburua da bi erakundeek elkarrekin Sakanan ekonomia sozialeko ekimenak lantzea ibarrean enplegua sortu eta hari eusteko.
Horretarako, Karasatorrek "beharrezkotzat" jo du ekonomia soziala Sakanan bultzatzea. “Enplegu jasangarria sortzea da Plan Estrategikoaren helburu nagusia, eta krisian, ekonomia sozialak erakutsi du oso eredu eraginkorra dela lurraldeari lotutako enpleguak sortu eta haiei eusteko. Horregatik, sendo uste dugu ekonomia sozialeko elkarteak aliatu estrategikoak direla planarekin partekatutako helburuak lortzeko”.
Ugaldek azpimarratu du ANELen ildo estrategikoetako bat dela tokiko eragileekiko lankidetza bultzatzea, denen artean “garapen jasangarriagoa eta lurraldeari dagokionez orekatutagoa” lortzeko. Hitzarmenaren helburua da, zehazki, tresnak ematea eta pertsonak gaitzea kooperatibak eta lan-sozietateak sortzeko, "enplegu iraunkorra eta kalitatezkoa sortu eta ibarreko enpresa-ehuna dinamizatze aldera”.
Eginen direnak
Hitzarmenean aurreikusitako ekintzen artean, ANELek hainbat bilera antolatuko ditu zenbait gaiei buruzko informazioa emateko: ekonomia sozialeko enpresa-eredua, ekintzailetza eta kooperatiba eta lan-sozietateen sorrera. Bilera horiek ekintzaileei, udal teknikariei, aholkulariei, finantza-erakundeei eta hainbat eragileri zuzenduta daude. Era berean, aholku emango die ibarreko ekintzaileei, banaka nahiz taldeka.
Bestalde, ANEL Ekintzaileen Kooperatibako kide izan daitezke enpresa abian jarri aurretik euren negozio-eredua modu errealean testatu nahi dutenek. Ekimen berritzaile horrek, bestalde, aukera emanen die kooperatibismoaren egunerokoa ezagutzeko eta enpresa-kudeaketan gaitzeko. Aparte, Ekonomia Sozialeko Planean eta ANELen Partaidetza Lidergo Programan parte hartzeko aukera eskainiko da.
Agentziak, bere aldetik, eskualdeko egoera ekonomikoaren eta baliabide nahiz behar espezifikoen inguruko ezagutza partekatzearekin batera tokiko eragileei informazioa emanen die. Bestalde, ANELek aipatutako ekintzak aurrera ateratzeko, Agentziak haien esku jarriko ditu lan egiteko gune bat eta beharrezko materialak. Era berean, Agentziak ekintzailetza eta ekonomia sozialaren gaineko sentsibilizazio nahiz informazio jarduerak eginenditu. Bertako aktoreekin batera ekonomia sozialeko proiektuak identifikatu, dinamizatu eta garatzeko laguntza eskainiko du.