Gure Esku Dagok (GED) deituta herri galdeketak eginen dira igandean Irurtzunen, Irañetan, Arruazun, Lakuntzan, Arbizun, Urdiainen, Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian. Haietako batzuen antolakuntzan ari dira Eva Leatxe eta Jose Ramon Garin (Lakuntza), Francis Irigoien eta Benito Arakama (Urdiain), Itziar Flores (Altsasu), Gurutze Goikoetxea (Olatzagutia) eta Naiara Perkaz (Ziordia).
Etzi "herritarrok sortutako galdera bati" erantzuteko gonbidapena egin dutela esan digu Floresek. "Guk, behintzat, inoiz egin ez dugun ariketa bat". Galdeketaren garrantziaz galdetuta Irigoienek esan digu "herriak herriari edozein gauza galdetzea, berak nahi duena erabakitzeko".Garinendako "garrantzia du herriari beste ohitura bat ematea; gauzak egiteko jendeari galdetu behar zaio. Ia jendea hasten garen gero erabakitzeko edo edozer gauza planteatzeko ohitura hori hartzen. Hasiera bat da, gauzak erabakitzekoan jendeak beste ohitura bat sortzea".
Aldi berean
Bederatzi herrietan eginen da galdeketa, eta horren zergatiaz galdetuta, Irigoienek azaldu digu "batek besteari esaten, horrela hasi ginen". Urdindarrei altsasuarrek esan zieten. "Herriko jende desberdina elkartu ginen eta hor gabiltza. Pozik gaude". Garinek gaineratu duenez, "Sakana batera ari gara, ez herri bakoitza. Denak elkartu gara eta nik uste dut oso garrantzitsua dela hori". Floresek gogora ekarri du joan den urtean Euskal Herrian sortu zen galdeketen "olatu handia". Eta gaineratu du, "Nafarroan aurten izanen da galdeketen lehenengo olatua. Nik uste dut ardura bat badugula ere".
Goikoetxeak eta Perkazek baieztatu dute elkarrekin antolatzean elkarri laguntza emateko aukera izan dutela. "Bakar bakarrik planteatzen baduzu, zalantza guztiak, lanak… Denen artean errazago izaten ari da", gaineratu du Goikoetxeak. Floresek argitu digu galdeketen data hurbildu ahala astero elkartu direla, baina bestela hilean behingo bilerak izan dituztela.
Sakana mailan lan egiten ari badira ere, herri bakoitzak bere galdera duela gaztigatu ditugu eta Irigoienek esan digunez, "hasieran ere ez genuen hori bateratu. Herri bakoitza sinadurak hartzen hasi zen eta bakoitzak zer lortu nahi zuen. Guk jendeari azaltzen genionean esaten genuen herriak nahi zuena galdetzea erabakitzea nahi genuela. Bileran galderak sortu ziren. Urdiainen bi dira, adibidez". Floresek gaineratu duenez, "herri bakoitzean galdera desberdina sortu da, desberdinak garelako. Hori errespetatu da".
Irizpideak
Galderak adosteko garaian zein irizpide izan dituzten kontutan jakin nahi izan dugu. Goikoetxeak esan digunez, "ahalik eta jende gehienak parte hartzeko" moduko galdera bilatu dutela. "Ez izatea galdera bat jendea kanpoan gelditu daitekeena. Jende guztia eroso sentitzea galdera hori erantzuten. Hori zen helburua denondako, gero zer atera den. Baina hori denok bateratua genuen", zehaztu du Floresek. "Eta gaur egun daukagun egoerarekin aurrerapauso bat suposatzen zuen. Zeren ezin zen galdetu ezer ez aldatzeko" gaineratu du Perkazek.
Lakuntzako adibidea jarri du Garinek: "tailer batzuk egin genituen eta han hiru galdera atera ziren. Baina, gero, denen artean adostu genuen eta bakarra gelditu zen. Batzuk galdera batekin ados zeuden, besteek batzuk beste gauza batzuk sartu nahi zituzten. Horrekin joan gara".
Nola bozkatu
Herri guztietako etxebizitzetara boto txartelak eta informazioa banatu dituzte GEDeko kideek. Igandean herrian egonen ez direnendako aldez aurretik botoa emateko aukera eskaini diete. Herrietako plazetan karpa bana jarriko dute eta "beste hauteskundeetan bezala, bozkatzeko mahaia izanen da, ordenagailuak dituzten arduradunekin. Prozedura normala da" esan digu Goikoetxeak. "Etxean jaso duen papera hartu, bestela karpan egonen dira, eta hautestontzian sartu, betiko moduan. 9:00etatik 20:00etara" Perkazek esan digunez. Bi ohar garrantzitsu ere egin dituzte: 16 urtetik aurrera eman daiteke botoa, eta erroldatuta dauden etorkinek ere eman dezakete botoa.
Galdeketak Sakanan behar bezala egiten ari direla bermatzeko Kataluniako Junts pel Si-ko diputatu bat eta CUPeko zinegotzi bat etorriko dira. Herriz herri ibiliko dira biak.
Ondareaz
Galdeketak herrian zer utziko duen galdetuta "parte hartze ohitura" aipatu du Goikoetxeak. "Gutxienez hasi erabakitzen eta, batez ere, parte hartzeko ohitura hori herrian hartzen dugun", Irigoienen iritziz. Arakamak, berriz, "kontzientzia sortu, bakoitzak aukera dugula". Floresek: "pedagogia bat sortzea". Irigoienek, atzera: "eta parte hartzeko beldurrik ez izateko, nahiz eta batek gauza bat pentsatu eta beste batek beste bat. Bakoitzaren iritzia mahai gainean jarri eta gero edozer gauza aukeratzeko". Elkartzearen ideia mahaigaineratu du Floresek.
Irigoienek azaldu duenez, "neretako ona izan da, sortu dituelako jende desberdinarekin; edozein gauzaz hitz egiten, lasai eta libre. Hori neretako herrian oso aberatsa da. Guk Urdiainen ohitura dugu, tabernara ateratzean jende desberdina elkartzen garelako. Honek beste harreman mota batzuk sortzen ditu, eta polita da". Gainontzekoek baieztatu egin dute. Floresek esan duenez, "errespetuzko jarrera bat. Bakarrik esaten duzuna da botoa ematea. Hori da hasieran jendeari ulertzea kosta zitzaiona, ez duzula esaten zer bozkatu behar duen, baizik eta bozkatzeko". Garinenen ustez, galdeketak balioko du "jendeak sentitzeko inork ez garela inor baino gehiago. Jendea lasai joateko, bere botoa berea da eta denok errespetatu behar dugu". Lakuntzarraren ustez galdeketa "pauso bat da. Oso garrantzitsua da. Jendea konturatu behar da erabakiak gure esku daudela eta gauzak beste modu batera egin behar direla". Leatxek ametsak ere errealitate bihurtzen direla gaineratu du.
Aurrekariak
Etxarri Aranatzen egin zen estatus politikoari buruzko aurreneko galdeketa. 2014ko apirilaren 13an etxarriarrek Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? galdera erantzuteko aukera izan zuten eta %43,61k egin zuten. Gure Esku Dago dinamika sortu zen ondoren eta, haren abarora, bakaikuarrek Euskal herri independente bateko herritarra izan nahi duzu? galdera erantzuteko aukera izan zuten joan den urteko azaroaren 27an eta parte hartzea %65,31ekoa izan zen.
Herria | Errolda | Parte hartzea | Bai | Ez | Txuri | Baliogabeak | |||||
Etxarri Aranatz | 1951 | 851 | %43,61 | 804 | %94,58 | 18 | %2,12 | 26 | %3 | 3 | %0,35 |
Bakaiku | 297 | 194 | %65,31 | 156 | %80,4 | 26 | %13,4 | 10 | %5,5 | 2 | %1,03 |
Guztira | 2248 | 1045 | %46,49 | 960 | %91,87 | 44 | %4,21 | 36 | %3,44 | 5 | %0,48 |
Beste hiru alderaketa
Aurretik ere egin izan dira herri galdeketak Sakanan. Udalek deituta batzuk, herri-mugimenduak besteak. Irurtzunen festen data erabakitzeko galdeketa deitu zuen udalak 2010eko otsaileko azken asteburuan, 26an eta 27an. Hartan 16 urtetik gorako irurtzundarren %20k parte hartu zuen. Arrazoi beragatik bitan antolatu du galdeketa Altsasuko Udalak. Aurrena 2009an, %27ko parte hartzearekin eta bigarrena 2015eko martxoaren 29an. Azken horretan parte hartzea %23,26koa izan zen.
Bestalde, AHT Gelditu! Elkarlanak antolatuta Abiadura Handiko Trenaren inguruko galdeketa egin zen Arbizun 2009ko maiatzaren 17an. Parte hartzea %48koa izan zen.
Orain arte Hego Euskal Herrian egindako galdeketak. Haien artean dauden Etxarri Aranatz eta Bakaiku. 142 galdeketa horietan 549.057 pertsonak botoa emateko aukera izan zuen eta 146.579k erabili zuten aukera hori, hau da, %26,69k. Etxarri Aranatzen eta Bakaikun galdeketak eginda, botoa emateko aukera zuten 2.248 pertsonetatik 1.045ek eman zuten, %46,49k.
Herri galdeketen babesa | ||
Herria | Sinadurak | Erroldaren % |
Irurtzun | 370 | %20 |
Irañeta | 19 | %13,3 |
Arruazu | 27 | %30 |
Lakuntza | 541 | %52 |
Arbizu | 334 | %37 |
Urdiain | 267 | %51 |
Altsasu | 935 | %18 |
Olatzagutia | 330 | %25 |
Ziordia | 140 | %43 |
Guztira | 2963 |