Ibarreko Gure Esku Dagoren (GED) taldeetan lanean ari direnei denetarik egitea tokatu zaie azken asteetan. Sakandarrek emanen duten erantzuna "aurreikustea zaila" dela sentitzen dute denek. Galdeketa behar bezala antolatzeko egin behar izan dituztenak, haien sentipenak eta iganderako aurreikuspenak jaso nahi izan ditugu.
Taldeen sorreraz
Lakuntzan GED taldea giza katerako sortu zen. 6-7 ziren hasieran. Gero laguntza eskatzen joan dira eta taldera jende gehiago hurbildu da. Joan den urtean galdeketa egitea erabaki zutela azaldu du Eva Leatxek. Galdeketaren aldeko babes sinadurak lortzeko jende askoren laguntza izan dutela nabarmendu du.
Francis Irigoienek urdiaindarrak gogoratu du giza katean parte hartzea beretako "egun handia" izan zela. Taldera batu eta eguberrietan hasi ziren galdeketarena mugitzen. 6-7 dira taldean eta puntualki beste urdindar batzuen laguntza izaten dute.
Altsasuko, "herri guztietan bezala", giza katerako sortu zen, hiruzpalau lagunekin. Batzuk utzi eta 2015ean bi sartu ziren, Itziar Flores tartean. Irailean 8 kide ziren eta egun 12 dira.
Dozena bat olaztiarrek osatzen dute GED taldea. "Kostata sortutako talde polita" Gurutze Goikoetxearen esanetan. Hasieran hiruzpalau ziren: "herriko taldeak batzarrera deitu zituzten; hemen gaude, aukera hau dago, baina laguntza behar dugu". Laguntza eskatu dutenetan askok eman dutela gaztigatu du.
Lau ziordiarrek osatzen dute GED taldea. Azaroan hasi ziren lanean. Behar izan dutenean ziordiarrek lagundu dietela azaldu digu Naiara Perkazek.
Girotze lanak
Jose Ramon Garinek aitortu du Lakuntzan "kristoren lana" egin dela. Egindakoarekin "oso pozik" dagoela esan du. "Igandean ikusiko ditugu emaitzak". Leatxek "gutxienez sinatu zutenak (541) botoa ematea espero dugu" esan du. "Bai, ez edo txuria. Jendea parte hartzera animatzen ari gara" esan du Garinek.
Irigoienek Urdiaingo bideoaren grabaketaren egunak "oso politak" izan direla nabarmendu du. "Oso gustura pasatu genuen". GEDen kanta ere abestera animatu ziren: "jendea pozik eta kontentu zegoen eta guretako bideoarena oso polita izan da". Hura aurkezteko prestatutako egunean "ondo ez, hobeto pasa genuen. Jendea oso pozik. Giroa sortu zen. 140 pertsona bildu ginen". Hasieran egindako argazkiaren oroitzapen onak gordetzen ditu ere Irigoienek. Urdiaindarrek galdera bikoitza erantzun behar dute eta hori "jende gehiago bozkatzeko" erabaki zuten, "listo" erabaki ere.
Altsasun sinadura asko biltzea helburua zuen txotxa antolatu zuten otsailean. Jasotako sinadura kopurua jakinarazteko kriseilu gaua antolatu zuten. Floresek Jon Maiak Zumalakarregi plazan emandako hitzaldia nabarmendu du: "sentsibilitate desberdineko jendea elkartu nahi genuen". Bideoaren grabaketa "oso polita" eta zinemako aurkezpena "oso hunkigarria" izan zela nabarmendu du.
Ferietako liskarraren ondoren, herrian sortu den giroaren ondoren Altsasuko GEDekoek ez dute galdeketa bertan behera uztea pentsatu. "Baina, egia esan, askotan bai gelditu garela bigarren mailan. Hasieran geneuzkan ideiak zapuzten joan dira. Besteak indar handia hartu du. Baina, aldi berean, batak ez du bestea kentzen: erabakitzeko eskubidea bagenu, ziurrenik, gauza asko ez lirateke Madrilen erabakiko".
Olatzagutian joan den urteko San Juanetarako galdeketa egitea erabakia zuten eta kriseilu gaua antolatu zuten. Galdera aukeratzeko bileran bi aukera sortu ziren eta denen artean adostuz zehaztu zuten igandean erantzunen dena. Galdeketan parte hartzera animatuz "talde desberdinak" agertzen diren bideoa egin zuten. "Laguntzarekin, eta oso polita" izan dela esan digu Goikoetxeak.
Bideoaren aurkezpenaren egunean alkate ohien babes adierazpena publiko egiteko ekitaldia antolatu zuten. "Horretaz oso pozik gaude. Zeren herriko alkate ohi gehienen babesa lortu dugu. Alkate desberdinak…Oso inportantea da".
Ziordian hainbat gauza antolatu dituzte eta "gehienak, egia esan, ongi atera dira eta poz-pozik gaude". Joan den igandean grabatutako bideoaren aurkezpenera jende asko hurbildu zela jakinarazi digu Perkazek. Aurretik pintxo-poteak antolatu izan dituzte. Edota Santa Luzia egunean sinadura bilketari hasiera emateko kriseilu gaua antolatu zuten.
Igandera begira
Garinek "jendea oso kontzientziatuta" ikusten du, "printzipioz, jendeak parte hartuko duela pentsatzen dugu".
"Jendeak Urdiainen badaki orain zer den GED. Guretako hori inportantea izan da", esan du Irigoienek. "Orain behar duguna, ateratzen dena ateratzen dela, jendeak parte hartzea da".
Floresek esan duenez, "ilusioa daukagu, eta jendeak erantzunen duela espero dugu. Baina ez dakigu".
Goikoetxeak esan digunez, "galdeketarako jasotako babesa eta botoak oso desbedinak izan daitezke, beraz, sorpresa. izanen da igandeko parte hartzea". Ziordian "asko kostata", babes handia lortu du galdeketak, "ea orain zenbat hurbiltzen diren boto ematera" galdetu du Perkazek.
Herrietan aldez aurretik botoa emateko aukera hainbatek erabili duela jakinarazi digute. Lakuntzan GEDeko taldekideen artean egin duten porra zeinek irabaziko duen etzi jakinen da. Zehazteko dute ere GEDeko Sakanako taldeen afaria noiz egin.