Igandeko galdeketetan botoa nola eman behar da?

Guaixe 2017ko eka. 16a, 11:00

Edozein hauteskundeetan bezala izanen da, baina 16 urtetik gorako herritarrek osatuko dute errolda.

Herri guztietako etxebizitzetara boto txartelak eta informazioa banatu dituzte Gure Esku Dagoko kideek. Herrietako plazetan karpa bana jarriko dute eta "beste hauteskundeetan bezala, bozkatzeko mahaia izanen da, ordenagailuak dituzten arduradunekin. Prozedura normala da" esan digu Gurutze Goikoetxeak. "Etxean jaso duen papera hartu, bestela karpan egonen dira, eta hautestontzian sartu, betiko moduan. 9:00etatik 20:00etara" Naiara Perkazek esan digunez.

Bi ohar garrantzitsu ere egin dituzte: 16 urtetik aurrera  eman daiteke botoa, eta erroldatuta dauden etorkinek ere eman dezakete botoa. Izan ere, etziko galdeketetan herrian erroldatuta dagoen edozein pertsonak eman dezake botoa. Nork bere burua identifikatu behar duenez, nortasun agiria eraman beharko da. Agiria kadukatuta baldin badago edo botoa eman behar den herrikoa ez den beste helbide bat agertzen bada nortasun agirian, erroldaren ziurtagiria behar da botoa emateko.

Dagoeneko galdeketan bai, ez edo txuri boto emateko aukera hainbat sakandarrek eman dute dagoeneko. Igandean herrian egon ez eta aldez aurretik botoa eman nahi dutenek hiru herrietan aukera izanen dute oraindik. Arbizun, larunbatean, 12:00etatik 14:00etara, plazan. Altsasun, gaur, 19:30etik 21:30era Zumalakarregiko plazan. Ziordian ere gaur, 19:00etatik 21:00etara

Igandean galdeketak Sakanan behar bezala egiten ari direla bermatzeko Kataluniako Junts pel Si-ko diputatu bat eta CUPeko zinegotzi bat etorriko dira. Herriz herri ibiliko dira biak.
Botoa non eman

Galdeketa egin behar den herri guztietan Gure Esku Dagoko kideek karpa bat jarriko dute eta haietan egonen dira hautestontziak. Irurtzunen, Arruazun, Lakuntzan, Arbizun eta Urdiainen plazan egonen dira karpa horiek. Irañetan fronotoian. Altsasun, berriz, Iortia kultur gunearen parean jarriko dute. Olatzagutiaren kasuan ere kultur gune ondoan izanen da, Sarasate plazan. Azkenik, Ziordian, udaletxe parean, elizaren eta elkartearen arteko plazan egonen da botoa emateko tokia.

Galderak
Irurtzun
1) Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?
2) Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko irurtzundarra izan?

Irañeta
Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun
politikoa erabakitzeko?

Arruazu
Arruazuar gisa, euskal herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?

Lakuntza
Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?

Arbizu
Nahi duzu Nafarroak gainerako euskal lurraldeekin estatu bat eratzea?

Urdiain
1) Nahi al duzu herritarrok gure etorkizuna era librean erabakitzea?
2) Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko urdindarra izan?

Altsasu
Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?

Olatzagutia
Nahi al duzu Nafarroa burujabe bateko herritarra izan?

Ziordia
Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?