Udako torneoak hastear daude eta aurreko astean torneo garrantzitsuenetako bat aurkeztu zuten, Iruñeko sanferminetakoa. Aurpegi berriak ikusiko ditugu bertan. Esaterako, izan dituen baja garrantzitsuak ordezkatzeko pilotari gazteei aukera emango die Aspek, eta Julen Martijaren aldeko apustua egin du Eibarko enpresak: Etxeberrikoak Iker Irribarriarekin jokatuko du Sanferminetako Binakako Torneoa. Zalantzarik gabe, 20 urteko atzelari sakandarra izango da sanferminetako berritasun nagusia. “Sanferminetan egoten den giroa izugarria da eta Labrit pilotaleku kuttuna da. Ardura handia da bertan aritzea, eta Rezusta, Zabaleta eta Albisu bezalako atzelari hain indartsuei aurre egitea zaila izango da” adierazi zuen Martijak aurkezpenean.
Nolanahi ere, aipatu dituen arerio horiek beste multzoan daude. Izan ere, A multzoan daude Irribarria eta Martija, Bengoetxea VI.a-Beroiz, eta Urrutikoetxea-Larunberekin. B multzoan, aldiz, Olaizola II.a-Albisu, Ezkurdia-Rezusta eta Altuna III.a-Zabaleta daude. Txapelketa uztailaren 7tik 14ra jokatuko da, 9 jaialditan, Labriten. Lehen fasea ligaxka bidez garatuko da, eta multzo bakoitzeko irabazlea sailkatuko da finalerako.
Joanes Bakaikoa Ardoaren Desafioan
Uztailaren 13an jokatuko da Ardoaren Desafioa. Hiru partida izango dira guztira. Lau t´erdian Joanes Bakaikoak ordezkatuko du Asegarce, Aspeko Mendizabal III.aren kontra aritzeko. Binakakoan Elezkano II.a-Merino II.a Artola-Untoriaren kontra ariko dira eta buruz buru Jaka Lasoren kontra.
Martija eta Ezkurdia Irujoren omenaldian
Juan Martinez de Irujok merezitako omenaldia jasoko du larunbatean Labriten, 17:30an hasiko den jaialdian. Lehen partidan Gorka eta Jauarena izango dituzte aurkari Dariok eta Martija etxeberriarrak. Eta partida nagusian, Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Merino II.ak Irribarriari eta Beroizi eginen diete aurre.