Ekainaren 10ean Espainiako Triatloi Koparako baliagarria den Half Valencia proba jokatu zen. 1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21,1 km korrikan egin behar izan zituzten triatletek. Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate altsasuarra bertan aritu zen. Orain arte Espainiako Koparako baliagarriak ziren probatan adinkako sailkapenean puntuatzen zuen altsasuarrak, gizonezkoen 35-39 adin tartean, baina ematen ari den maila bikainarengatik eta egiten ari den denborak elite mailakoen pare direnez, elite mailan sartu dute.
Espainiako Kopan 13.a
Beroak baldintzatu zuen Half Valencia proba, guztiz. Hala ere, 800 triatleta inguru lehiatu ziren. Altsasuarra atzean atera zen uraren sektoretik, baina txirrindula sektorean lan bikaina egin zuen eta postu asko egin zuen gora. Baina ezin izan zuen korrikako sektorean erremontada gauzatu, berotzarrak eragin handia izan zuelako. Azkenean, lau ordu luze pasa lanean egon ondoren, elite mailan 41.a sailkatu zen (4:19:17) eta 35-39 urte arteko adinkako sailkapenean 8.a. Espainiako Kopari dagokienez, orain arte jokatutako Orihuelako Triatloia, Iruñako Triatloi Txapelketa, eta Valentziako Half lasterketak kontuan hartuta, elite mailan 13.a sailkatuta dago Garcia de Eulate.
Haurrak Eguesibarren
Asteburuan XVIII. Eguesibarko Haur Triatloia jokatu da eta Sakana Triatloi Taldeko gaztetxoek primerako lana egin dute. Aurrebenjaminetan Oihan Andueza laugarrena sailkatu zen; benjamin mailan, aldiz, Ekain Imaz podiumaren gorenera igo zen, Alain Andueza bigarrena sailkatu zen eta Aitor Aldunate bederatzigarrena. Eta haurren mailan Nahia Imaz laugarrena sailkatu zen eta Xabier Borrega hamaikagarrena.