Altsasu futbol taldeko bi jokalarik, Irati Igoa etxarriarrak eta Aroa Cerezo lakuntzarrak, bere ibilbidean gora egin dute. Orain arte Altsasu futbol taldean ibili dira, emakumezkoen senior mailan. Jakin izan dugunez, hurrengo denboraldian Mulier taldeko jokalariak izango dira, emakumezkoen 2. mailan lehiatuko den taldean. Mulier futbol taldetik adierazi dutenez “Aroa Cerezok abiadura eta jokaldietara aurreratzen jakitea ekarriko du berarekin eta Irati Igoak potentzia eta golak, aurten 20 gol sartu baititu. Altsasu klubari eman digun laguntza eta erraztasun guztiak eskertu nahi dizkiogu eta ongi etorri beroa eman nahi diegu Aroari eta Iratiri”.
Altsasu futbol taldeko futbol koordinatzaile Gorka Paskua, emakumezkoen futbol taldeen sustatzailea, pozik dago Igoarengatik eta Cerezorengatik. “Eurengatik oso pozik nago. Gure taldea, Altsasu, berak gabe ukituta geratuko da, baina sekulako aukera da eta aprobetxatu behar dute. Bigarren mailan nola dabiltzan ikusi behar dute; beti bueltatu daitezke Altsasura” dio Paskuak.
Altsasun 3 emakume talde sortzea da erronka
Emakumezkoen erregional mailarekin eta Emakumezkoen Kimuen eta Benjaminen taldeekin batera, aurten Nafarroako Federazioak hirugarren kategoria bat sortuko du, Emakumezkoen Kadete-Haur maila. Eta Sociedad Deportiva Alsasuak emakumezkoen hiru futbol talde hauek izan nahiko lituzke hurrengo denboraldirako. Sakanako emakume futbol zaleak Altsasu klubean izena ematera animatu ditu Gorka Paskuak. “Egun emakumezkoen bi futbol talde ditugu. Hirugarrena sortuz gero, adinka talde sendoagoak izango genituzke: erregionalak, nagusienak; kadete eta haur mailakoak, erdibidekoak; eta kimuak eta benjaminak, aurreko bi taldeen harrobia” azaldu du.