LAB sindikatuak jakinarazi duenez, aurreko aste akaberan, ohiko bilera bat tarteko Altsasuko egoitzara zihoazela, Guardia Civilak Altsasun jarritako kontrol batean geratu eta haietako batzuk ia ordubete inguru erretenituak izan zirela salatu du. "LABeko militanteon lan politiko eta sindikalari traba egitea izan zuten helburu eta, jazarpen politiko eta pertsonalarekin, tartean larriena, guardia zibilaren eskutan torturatua izandako batek jasotako iseka". Agenteek izandako jarrera “intimidatorioa” salatu du.
Guardia Civilak egindakoa “ segurtasun irizpideekin baino espioitza eta jazarpen politikoarekin” zerikusia duela salatu du LABek. Izan ere, “kontrolak iraun zuen bitartean LABeko zuzendaritza kideen dokumentazioa arakatu egin zuten. Independentismoaren kontrako espioitza da hori”. Aldi berean, sindikatutik gaineratu dute “polizia jazarpenak eta etengabeko mehatxuak bere horretan irautea normalizazio politiko eta demokratikoa ukatzen zaion herri baten sintoma da”. Aldi berean, “estatuen armagabetzea” eskatu du.
LABekoendako hori Altsasun gertatzea "ez da kasualitatea. Altsasuko herria etengabe ari da nozitzen eta salatzen jazarpen poliziala, herritarren eguneroko bizitzan zuzenean eragin eta normaltasun demokratikoa oztopatzen duena. Espainiako indar armatuek salbuespen egoera ezarria dute Altsasun, eta ondorioak aski ezagunak ditugu”. Horregatik, “Altsasuko herriari gure elkartasuna adierazi eta gazte altsasuarren erabateko askatasuna” eskatu du LABek.