Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen elkarteak 26 urte eta 80 bazkidetik gora ditu. Haien artean daude Patxi Mikeo (Irurtzun), Amaia Ijurra (Etxarri), Betisa Anda (Altsasu), Virginia Alonso (Olatzagutia) eta Oihane Uribetxeberria (Uharte-Iruña). Alonsok, udal ardurengatik, asteleheneko saioan ezin izan zuen egon.
Elkartearen helburua da teknikariendako trebakuntza ikastaroak antolatzea, haien arteko harremanak sustatzea eta elkarri laguntza ematea. Horretarako, aldian behin, prestakuntza saioak antolatzen ditu elkarteak. Astelehenean Altsasuko Iortia kultur zerbitzu eta gunean, esaterako, sare sozialak nola ezarri ikasi zuten. Urtero bizpahirutan elkartzen dira ikastera. Bazkide ez direnek ere izena emateko aukera izaten dute; urdiaindarra eta ziordiarra izan ziren.
Elkarteak administrazioarekin hitzarmena du eta haren bidez teknikariek haien intereseko trebakuntza saioak egiten dituzte. Azken finean, euren lana eta zerbitzua hobetzera zuzendutako saioak dira izaten dituztenak.