Uda solstiziorako Haize Berriak bandaren dantza doinuak

Guaixe 2017ko eka. 23a, 10:39
Bandaren zu zeu zuzendari emanaldiko irudia. Artxiboa

Sakanako musika bandak dantza doinuz osatutako errepertorioa eskainiko du Altsasun, bihar, 23:30ean
Luis Orduñak zuzentzen duen Haize Berriak bandak dantzaldirako gonbitea luzatu du larunbaterako. Garai batean bezala bandaren doinura kiosko inguruan dantzan jarri nahi dituzte sakandarrak. Horregatik, emanaldiak Dantzara plazara izenburua du.

Horretarako propio prestatutako errepertorioa eskainiko dute. Dantzara animatzen direnak pasodobleak, balsak, fandangoak eta arin-arinak, euskal dantzak, polkak, rock eta surf doinuak, mexikar kantuak, merengea eta pop-rock-eko zenbait izarren kantuak dantzatzeko aukera izanen dute.

Gainera, Haize Berriak bandak  publikoaren eskaerak jasoko ditu. Eskatutako kantuak jotzeko prest azaldu dira Luis Orduña eta musikariak.Altsasun plaza inguruan afaldu dutenek mahaitik jasotzeko aitzakia izanen da dantzaldia. Baita garai batean bezala bandaren zuzeneko doinuen erritmora dantzan aritu nahi dutenendako ere.

Egitaraua
Calahorra (paso doble)
Vals del ambigu de Araia (Vals)
Etxarri Aranazko fandango ta Arin-Arin
Lantzeko ihotea
Andre Maddalen
Ikusi mendizaleak
Polka pik
All time favorites (rock popurri)
Beach Boys on stage
Prisionero (mexikarra)
Cerezo rosa (boleroa)
Merengue picante
Santana
Supertramp
Nino Bravo