Edari energetikoak eta alkohola: nahasketa arriskutsua

Sakanako Prebentzio Zerbitzuak 2017ko eka. 23a, 10:50

kolaboratzaileak

Edari energetikoak gero eta ospetsuagoak dira. Erabilera anitzetarako hartzen ditu jendeak. Parranda gauak luzatzeko ere erabili ohi dituzte batzuek, edari hauek duten kafeina kopuru altuaz baliatuz.
Edari hauek beraiek oso arriskutsuak izan badaitezke, bere gain duten kafeina eta azukre kantitate handiak direla eta –hauetako lata bakar batek 4 kafek duen kafeina kopuru berbera omen dauka–, alkoholarekin nahasten direnean hauen arriskua bikoiztu egiten da. Canadako Adikzioen Ikerketa Zentroak egindako ikerketa batek dioenez, edari energetikoek mozkorkeriaren pertzepzioa txikitu egiten dute; beraz, kontsumitzaileak, mozkorraldian egonda ere, edaten jarraitzen du eta honek arrisku gehiagoren aurrean jartzen du kontsumitzailea.
Kafeinaren efektu pizgarriak alkoholak sortarazten dituen efektu lasaigarriak estaltzen ditu; horregatik kontsumitzailea ez da bere benetako egoeraz ohartzen eta ondo dagoelakoan alkohola edaten jarraitu dezake. Honek suposatzen duen arriskuarekin: indarkeria, istripuak…
Ikerlariak jakin nahi zuten edari energetikoak eta alkohola nahasterakoan, beste pizgarri batzuk, kokaina esaterako, eta alkola nahasterakoan ematen diren efektu berdinak ematen ziren ala ez. Eta erantzuna baiezkoa da, maila bajuago batean, kokaina pizgarri gogorragoa delako, baina berdina.
Ondorio garbia atera dezakegu, beraz: edari energetikoak beraiek bakarrik dituzten arriskuak nahikoak dira, arriskuak dakartzan beste ezerrekin nahasteko beharrik gabe.