Larunbatean Juan Martinez de Irujok omenaldi hunkigarria jaso zuen guztiz beteta zegoen Labrit pilotalekuan. Bi partida pilota jokatu ziren eta bietan ordezkari sakandarrak izan ziren. Hasierako partidan Dariok eta Martijak 14 eta 22 irabazi zioten Ugalderi eta Jaunarenari. Partida nagusiko ohorezko sakea Irujok egin zuen. Ezkurdiak eta Merino III.ak Irribarria eta Beroiz izan zituzten aurkari, eta nahiz eta hasieran paretsu ibili, 10. Tantotik aurrera Irribarria eta Beroiz aldea ateratzen hasi ziren eta, azkenean, 22 eta 15 irabazi zuten.
Omenaldiaren txanda iritsi zen ondoren. Irujok berak oroigarria eman zien pilota partidetan aritu ziren pilotariei. Segidan arrebak dantzatutako aurreskua, Uxue Barkos presidenteak eta Joseba Asiron alkateak emandako oroigarriak, Julio Sotoren bertso hunkigarria, Aspeko kudeatzaile Fernando Vidarteren oroigarria, Elkarpilotako kideen oparia, bi alabek jantzitako txapela eta beste asko etorri ziren. Hitza hartu zuenean Irujok esker oneko hitzak izan zituen bildutako guztiendako. Tartean, pilota kideak izan zituen gogor, bere ibilbidea zuriz jantzita bukatzerik izan ez dituzten bi pilotari bereziki. “Gaur urte hauetan barna nirekin aritu diren kide guztiak ditut buruan, baina modu berezian Mikel Idoate eta Aitor Zubieta, nire bi lagun” aipatu zuen Iberokoak. Bukatzeko, pilota sustatzeko hitzak izan zituen: “Guztien artean pilotarekiko pasioa manten dezagun. Gure kirola da, hemengoa. Gora euskal pilota!” hitzekin eskertu zuen omenaldia, txalo zaparrada artean.
Uztailaren 7an omenduko dute Zubieta
Aitor Zubietak uztailaren 7an jasoko du omenaldia, Labriten, sanferminetako egun berezienean, bere ibilbidea hasi zuen kantxa kuttunean. “Uztailak 7a iristeko gogoz dago jendea” onartu zu Etxarri Aranazko atzelari bikainak Diario de Noticiasi egindako lelkarrizketan.