Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberriak garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Andoainen. Zehazki, Gipuzkoako Itzuliko 2. etapa (92,7 km) zegoen jokoan eta Josu Etxeberriak sekulako lasterketa egin zuen; helmugara bakar-bakarrik iritsi zen Iturmendikoa (2:18:32). 31 segundora 13 txirrindulariz osatutako taldea sartu zen, Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa tartean. 11.a sailkatu zen Lasa. Bere taldekide Iñigo Fernandez 30.a sailkatu zen, Beñat Etxezarreta (I.I.) 41.a, Juan Riaño (Q.A.) 49.a eta Iosu Jaka (Q.A.) 85.a.
Sailkapen orokorrean El Proex-Iturribero taldeko Oier Lazkano da liderra (4:21:41). Josu Etxeberria 6.a da, 01:38ra, Ailetz Lasa 10.a, 2:22ra, Iñigo Fernandez 19.a, 4:00ra, Beñat Etxezarreta 44.a, 9:55ra eta Juan Riaño 59.a, 16:26ra.
Gaur Gipuzkoako Itzuliko 3. eta azken etapa jokatuko da, Zarautzen.