Atzo despeditu zen juniorren mailako Gipuzkoako Itzulia. Probak lau jardunaldi izan ditu guztira, aurretikoa eta 3 etapa. Igandean jokatutako bigarren etapa Sakanara etorri zen, Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria gailendu baitzen. Atzo hirugarren eta azken etapa jokatu zen Zarautzen eta Limousin Kartoiak-Oriako taldeko Unai Iribar gailendu zen esprintean.
Sailkapen orokorrari dagokienez, Elproex-Iturribero taldeko Oier Lazkano izan da Gipuzkoako Itzuliko txapeldun handia. Gure txirrindulariek lan bikaina egin dute. Josu Etxeberria laugarrena sailkatu da sailkapen orokorrean, podiumera igotzear, 2:50era. Burundako Quesos Burundako Ailetz Lasa bederatzigarrena sailkatu da, 4:22ra eta bere taldekide Iñigo Fernandez 12.a, 5:12ra. Intersport Irabiako Beñat Etxezarreta 40. postuan dago, 13:39ra, eta Quesos Albenizko Juan Riaño 54.a, 21:57ra.
Baina gure mutilak ez ziren esku hutsik etorri. Josu Etxeberriak lehen urteko juniorren txapelketa irabazi zuen eta Ailetz Lasa hirugarrena sailkatu zen.