Ainara Azpiazu Aduriz eta Paula Estevez Del Diego egileen lana aukeratu du epaimahaiak 26 lanen artean
Nafarroako 20 toki-entitateren euskara zerbitzuek, Sakanakoa barne, antolatzen dute Etxepare literatura sari esanguratsua, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuz. 11. edizioko saria (5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan) Ainara Azpiazu Aduriz eta Paula Estevez Del Diego egileek irabazi dute.
Haiek aurkeztutako Arraroa albumean haur batek gaurko gizartearen aniztasunari erreparatzen dio bere etxeko leihotik. Neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten dizkigu eta modu sinple bezain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argazkia, biñeta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea agerian utziz.
Yolanda Arrietak (idazlea), Maite Gurrutxagak (ilustratzailea) eta Asun Agirianok (album ilustratuan aditua) osatutako epaimahaiak saritutako albumaz honakoa esan du: "egileek modu bikainean elkartu dituzte hitza eta irudia. Testuaren bidez egoerak aurkeztu ahala, irudien bidez egoera horiek bizia hartzen dute, umorea lagun eta detaileei arreta jarrita. Hizkuntza biek originaltasuna, indarra eta askatasuna erakusten dute. Kolore biziek, berriz, areagotu baino ez dute egiten lanari darion bizipoza". Gaineratu dute albuma "lan ausarta eta grafikoki interesgarria" dela, testua eta irudia elkar osatzen dutela nabarmenduz. Albuma "estereotipoak alboratzeko proposamen umoretsua" da, "aldi berean, gogoeta egiteko aukera helarazten du”. Albuma udazkenean izanen dugu esku artean Pamielak argitaratuta.
Sarituez
Ainara Azpiazu Aduriz (Axpi), Hernanin jaioa, marrazkilaria da. Soziologia lehenengo eta gero Arte Ederrak ikasi zituen EHUn eta 2007tik aurrera ilustraziogintza, komikigintza, horma-irudigintza eta ume eta gazteekin tailerrak egitetik bizi da. Besteak beste, Berria, Hernaniko Kronika, Irrien lagunak eta Gararen Zazpika gehigarrian kaleratu ditu binetak.
Ilustratzaile gisa hainbat liburu eta argitalpen plazaratu ditu dagoeneko. Azkenen artean daude Nahla (Ibaizabal), Printzesa Pixontzia (Elkar), Hartz izozkijalea (Minis) edo Mozoloaren bidea (Dobera). Komikigintzan, paperean zein H28 bezalako euskarri digitaletan aritzen da. Horma-irudi ugari egin ditu Donostialdean bereziki. Umore grafikoa eta komikigintza gai modura hartuta tailerrak burutzen ditu ume eta gazteekin. Haren lana www.ainaraxpi.blogspot.com blogean ikus daiteke.
Paula Estevez Del Diego, Donostian jaioa, komiki marrazkilari eta ilustratzailea da. Argazkigintza eta ikus-entzunezkoetan espezializatutako Arte Eder ikasketak amaitu ondoren, Berlinera joan zen bizitzera, non marrazketa berreskuratu zuen, txikitako grina.
Ordutik bere lana komiki, ilustrazio eta animaziora zuzendu du, autoedizioan indar berezia ipiniz. Donostiara itzultzean, Mikel Larraioz eta Maite Caballero marrazkilariekin batera, Guillotina sortu zuen, Donostiako lehen Autoedizio Topaketa. Egun laugarren ediziotik dijoana. 2011tik hona autoeditatutako sei argitalpen egin ditu eta aldizkari eta fanzine ezberdinetan ikus daiteke bere lana: Gaztezulo, Hijos Acabados, Berlin Scrawling, So International Zine, besteak beste.
Sariaren historia
Nafarroako 20 toki-entitateek, haien euskara zerbitzuen bidez, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.
2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.
Bestalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxe nafarrak argitaratzen du.
2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.
Aurreko edizioetako saridunak
Urtea Lana
2016 Zerua gris dago
2015 Munstroek ere pixa egiten dute ohean
2014 Hiltzaileak
2013 Gerrak ez du izenik
2011 Hara!
2010 Euria ari duenean
2009 Alex, nire laguna
2008 Katalina kontalari
2007 Zirkua amets
2006 Gerlari handia