San Juan gaua

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2017ko eka. 30a, 09:00

kolaboratzaileak

Eguzkia jabe dela heltzen naiz hondartzara eta bazterrean ez dago lekurik. Itsasotik urrun kokatzen naiz eta ezin dut olatuen doinua aditu. Baina orain eguzkia eraikinetarantz erortzen hasia da, eta noizean behin hodei leunek estaltzen dute. Eguerdiko sua baretu zaigu, eta hondarretan etzanda, epeltasun nekatu batek inguratzen nau. Baina badirudi ez zaigula guztioi heltzen,  nire ondoan ipinita zeuden askok alde egiteko premia sentitu dutelako. Eta gutxinaka badoaz, eta haiekin eguzkitakoak, hozkailuak eta aulkiak daramatzate; eta zarata erortzen da, eta itsasoa entzun daiteke.

Isiltasun honetara ohitzean elkarrizketa etenak zurrumurru ulergaitzetik bereizten zaizkit. Nire parean dagoen emakumea ingelesez mintzo da bere alabarekin eta ipuin mitiko eran azaltzen dio gaur ospatuko den San Juan gaua. Santuaren jaiotzatik baztertu da eta jentilen ohituretara begira dago.

Arraroa dirudien arren, hurbila egiten zait esaten duen dena. Badirudi izenek eta paisaiek soilik bereizten dituztela gure sanjuanen bizipenak, eta bere ipuin mitikoen parean, nire elezaharrak ipini ditzaket. Horregatik agian, edo bera ahotsaren epeltasunagatik, itsasoaz ahaztu eta haren hitzetan geratu naiz luze. Eta bere esaldietan, nire enparantzetako suak piztu eta dantzariak hurbildu dira, eta horien parean, emakumearen paisaietako jentil- harriak ikusi ditut lehen argiaren zain.

Bakarrik begiak irekitzean sumatu dut Bartzelonako hondartza berriro jendez betetzen:  eta oharkabean inguratu naute, eta guztiek poltsak, argiak eta botilak ekarri dituzte. Ama eta alaba ingelesak ez daude inon, eta musika ezberdinek estali digute airea. Baina alde egitekotan nagoela, hainbat lagunek deitu naute, bidean daudela esanez, eta garagardo pare bat edango ditugula hondartzan.

Eta gaua igaro zaigu jada, baina itsaso parean ez da surik egon. Eta lainoagatik badirudi sua egon behar duela nonbait, baina ez dago, eta laino artean galduta gabiltza, edozein tokikoa edo inongoa den musika ozenaren azpian. Eta kea izan badaukagu, baina diskoteka eta tabernetatik dator.

Etxerantz abiatzeko ordua heldu zaigu jada, baino ez dugu suaren gainetik salto egin, ez egunsentia ikusi. Inork ez dio eguzkiari indarrarik bidali gaurtik aurrera datorren ahultzeari aurre egiteko. Baina gu bagoaz, eguzkia aterako denean erdizka ikusten diren zaborrak agerian geratuko direlako.

Oheratzean, Inglaterrako Stonehenge-ko egunsenti gozoarekin egiten dut amets. Paregabea dirudi, baina jendez betetzen doa pixkanaka. Eta ez dago esertzeko lekurik, eta denek bozgorailuak eta botilak ekartzen dituzte eskuetan, eta sarrera ordaindu behar da egunaren argia ikusteko.

Baina zorionez ama eta alaba ingelesak ez daude hemen, urrun baizik, auzo bakarti eta bare bateko enparantzan, suari begira. Eta sua itzaltzen den neurrian behatz eta oinetatik sustraiak hazten zaizkie; eta ezin ditugu ikusi, baina bihotzean sustraiak dituzte ere. Eguzkia atera baino lehen, erraz hartuko dute lo, hondartzan sortu dugun errorik gabeko ospakizunetik salbu.