Jaibus zerbitzuan aldaketak, bihartik

Guaixe 2017ko eka. 30a, 08:06

Adin txikikoek gurasoen baimenaz zerbitzua hartzen dutela frogatzeko Jaibus karneta erakutsi beharko dute. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Zerbitzuek 15 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako neurria da indarrean jarriko dena.

Aurten 17. urtea eginen du martxan Jaibus zerbitzuak, gauez jende asko biltzen den ospakizunetan jendea eraman eta ekartzen duen gaueko autobus zerbitzuak. Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetako Prebentzio Programek sustatzen dute programa, Sakanako Mankomunitateak ordaintzen duena eta Osasun Departamentuaren diru-laguntza duena.
Eneka Irizar teknikariak azaldu duenez, "urteak pasa ahala erabiltzaileen adina gora egiten ari da". Jakitun dira gazte batzuk ospakizunetara autoan joan eta Jaibusean bueltatzen direla. Baina Irizarrek azaldu duenez, "geroz eta gazteagoak izanik hasten direnak Jaibusa lehen aldiz erabiltzen (13 urteko gutxi batzuk eta 14-15 urtekoak). Hori Jaibusaren helburuekin kontrajarria dago".
Antolatzaileen ustez, Jaibusa ez da adin horietako gaztetxoei zuzendutako baliabidea. Horregatik bihartik aurrera, Jaibusa erabili nahi duten 15, 16 eta 17 urteko gazteek familiaren baimena beharko dute.

Baimena
15, 16 eta 17 urteko gaztetxoen gurasoei edo legezko tutoreei zuzendutako informazio gutuna eta baimena orria bidali diete. Han azaldu diete, seme-alabei Jaibusa erabiltzeko baimena ematen badiete Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen egoitzan txartel bat egin beharko dutela eta Jaibusa erabiltzen duen bakoitzean gaztetxoak txartel hori erakutsi beharko duela. 537 gutun bidali ziren eta 364 txartel egin dituzte. Eta, nahi duenak, oraindik ere egiteko aukera izanen du.

Jaibuseko antolatzaileek badakite "zerbitzua, batzuetan, festetan gauez ateratzen hasteko markoa izaten dela, eta gurasoek baliabidea, etxera itzultzeko ordutegi zehatza ezartzen duen neurrian, testuinguru babesletzat jotzeaz aparte, ingurune kontrolatutzat ere hartzen dutela".

Baina "errealitatea, askotan, guztiz bestelakoa izaten da" Irizarrek azaldu duenez: "frogatuta dago kontsumo-inguruneetan egoteak kontsumitzeko aukera handitzen duela, eta adingabeez hitz egiten ari garenez, kontsumo horrek osasunari dakarzkion arriskuak nabarmen handiagoak dira". Horregatik, oharra egin du teknikariak: "hori guztia jakinik, familia bakoitzak erabaki ahalko du, guk ezarritako adinez kanpo, bere seme-alabei baimena egin hala ez. Erantzukizuna, beti, familiena da".

Adin muga jartzearena antolatzaileen Jaibusaren helburuez gogoeta egin ondoren hartutako erabakia izan da. "Gainera, Osasun Departamentuak ere aldaketa egiteko gomendatu digu. Eta, jada, aldaketa hori egiten ari da Nafarroako eskualde gehienetan".

Jaibusa, prebentzioa helburu
Jaibusa auto-istripuak prebenitzeko programa bat da, eta arrisku handiko uneetan funtzionatzen du, hain zuzen ere, herriko festetako ordu txikietan nahiz jende ugari biltzen duten gaueko ekitaldietan.  Bere helburuak dira: jaietatik joan etorri ziurra egitea, zirkulazio istripu gutxiago gertatzea eta gazteek ohartaraztea nork bere burua kontrolatzeaz duten erantzukizunaz: bai kontsumitzeari dagokionez bai kontsumoaren ondorengo jokabideari dagokionez.

Teknikariek azpimarratu nahi izan dute Jaibusa ez dela herriko festak bulkatzeko zerbitzua, "demandaren atzetik gabiltza, jende asko elkartzen denetan dago".

Zerbitzuak harrera ona
Teknikariek Jaibusarena "arrakasta handia duen programa" dela esan dute. Eta horren adibide diren datuak eman dituzte 2000. urtean 7 festetan 2141 erabiltzaile izan zituen, zerbitzuko bi autobusekin. 2.016. urtean 19 zerbitzu eta 7996 erabiltzaile izatera pasatu da, eta 2, 3 eta 4 autobus egon dira festaren arabera. Bidai bakoitzak 1,5 euro balio ditu. Argi utzi dute ez dela soilik gazteendako zerbitzu bat eta helduek ere erabili dezaketela, autoa hartzeko arriskua saihestuz.