Lopez-Mugartzarendako Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria

Guaixe 2017ko eka. 29a, 19:50

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako sariketa irabazi du Guaixeko kolaboratzaile denak.

Joan den astean, aldameneko orrian argitaratutako artikuluan, Juan Karlos Lopez-Mugartzak diasporako altsasuar gisa definitu zuen bere burua. Berak irabazi du Iruña Hiria Nazioarteko XI. Poesia Lehiaketako euskarazko saila. Sariketara bederatzi lan aurkeztu ziren: 2 Iruñetik; 4, Gipuzkoatik; 2, Bizkaitik; eta 1, Huelvatik.

Lopez-Mugartzak Bihotz hauskorrak osatu eta portu handira iritsi dira poema-bildumarekin eskuratu du saria. "Inongo neurririk" ez duten 50 bat bertsok osatzen dute "bihotza hautsia duen pertsona baten barne bidaia" kontatzen duen sorta. Altsasuarrak azaldu digunez, "bidaia noraezean hasten da, baina minak ez du beti irauten eta hautsitako bihotza osatzen hasten da, beste bihotz hauskor batzuk ezagutzen ditu (denok gara bihotz hauskorrekoak) eta bidaiaren azken unean -bukaera zoriontsua- portu handi batera iristen da bere belaontzian... goian ikurrina eta guzti airean duela". Olerkariak azaldu duenez, "barnealdeko olerkiak Sakanan kokatzen dira era inplizituan eta kostaldekoak Bermeon era esplizituan".

Gaiaz galdetuta, Lopez-Mugartzak bizi izandako "egoera mingarri bat" aipatu digu; "hasi nintzen bidaia hori egiten... nahi gabe... beharrak bultzatuta... Baina ongi atera zen eta orain garaipen horri omenalditxo bat egin nahi izan diot. Mundua ez da akabatzen zerbait gaizki ateratzen denean; aitzitik, bada aukera beste gauza berri batzuk ezagutzeko. Beti bide beretik baldin bagoaz oso lasai eta pozik bizi gara... baina bide asko jorratu behar dituzunean, deserosoa da lo egiteko beharra izatea hainbat lekutan, edo izarren azpian, baina gero asko ikasten da eta ez zara damutzen".

Lanaz
Ekaitz Santaziliak (Nafar Ateneoko euskara saileko batzordekidea eta NUPeko irakaslea); Consuelo Alluek (filologoa eta NUPeko irakaslea) eta Unai Pascualek (Denonartean argitaletxeko editorea) osatu dute epaimahaia. Altsasuarrari aitortu diote “euskara zaindua, hitz-jokoak, eta poesia bisualari egiten dion ekarpena, berrikuntza bat dena”. Neurririk gabeko bertsoekin batera kaligrama batzuk (hitzez osatutako irudiak), "tximeletak bezala paperean hegan egiten dabiltzan lerro batzuk, uretan nabigatzen ari diren beste batzuk" tartekatu dituela azaldu digu. "Gehienak ohiko olerkiak dira. Hau ez da kaligramen kutxa bat, baina bai erabiltzen ditut tresna poetiko bezala. Azken batean gaur egun denok bideoekin eta irudiekin, alegia, testu bisualekin erlazio gehiago daukagu, testu idatziekin baino".

Bere sortze prozesua “bulegoko lan” gisa definitu du. Lopez-Mugartzak esan digu "zerbait kontatzeko gogoa duelako" hasten dela ordenagailuan idazten. "Ez dut idazten gaizki nagoelako edo bakarrik nagoelako, literatura eta hitzekin arte egin nahi dudalako; nire iritziak, nire beldurrak eta nire irakaspenak edo aholkuak emanez".

Egileaz
Lopez-Mugartza Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakaslea da Irakasletzako graduetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza- eta Gizarte-Zientzietako dekanordea. Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia olerki-lehiaketako lehen saria irabazi du, eta Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren Xalbador Sariko ohorezko aipamena. Biek euskarazko poesia saritzen dute. Constantes vitales, Maiatz, Hatsaren poesia eta Guaixe aldizkarietan idazten du. Irabazitako saria lastailean jasoko du (3.000 euro eta eskultura), Denonartean argitaletxeek liburua argitaratzen duen hilean.