Aralarko aingeruaren irudia zaharberritu dute

Guaixe 2017ko eka. 30a, 10:18

Konponketa "sakona" egin diote, azken 260 urteetan garrantzitsuena. Urrez xaflatutako zilarrezko gurutze, jantzi, hegal eta oinarri berriak ditu irudiak. Barruan egurrezko hegalak santutegian zeuden beste batzuengatik ordezkatu dituzte.

Urreztatzerik gabe toki batzuetan, irudia aurrerantz botata, torlojuak desagertuak... Konponketa premia zuen Aralarko aingeruaren irudiak eta herritar batek emandako 20.000 euroko donazioarekin egin dira lanak.

Aralarko santutegiko kapilau Mikel Gartziandia, gotzaindegiko arte teknikaria eta Nafarroako Gobernuko Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia ataleko arduradun Alicia Ancho joan den urteko ilbeltzaren 15ean elkartu ziren. "Prozesu luze eta konplexu" baten hasiera izan zen. Joan den urteko ilbeltza eta martxoa bitartean diziplina anitzeko ikerketa baterako datuak jaso zituzten.

Ikerketa hori Nafarroako Gobernuaren laborategian egin zen eta aingeruaren irudia osatzen duten elementu guztiak sakon aztertzeko baliatu zuten aukera. Artus enpresak museoan behin-behineko tailerra jarri zuen eta irudiak beharko zituen tratamenduak zein izanen liratekeen aztertzeko aurrelanak 2016ko ilbeltzaren 21ean hasi zituzten.  

Lanak
Optika ekipoaren bidez zilarraren urre estaldura kalte handiak zituela pieza erabiltzen den tokietan: gurutzearen masta eta aingeruaren jantziaren beheko partea. Zilarra geruza ere hauskorra zen, pitzadura eta arrakalak zituen hainbatetan leundu eta urreztatu ondoren.

Zilar geruzari lodiera handiagoa emateko eta hobe urreztatzeko 1996an kobrean sartu zuten irudia. Baina erabileragatik kobrea erdoildu egin da, pieza "itoz". Ondorioz, urre geruza jaso eta zilarra hondatu du.
Hasieran irudia zaharberritzeko berriro urreztatzearekin nahikoa zela pentsatu zuten, baina ikerketek azaldu zuten urreztatze berriak zilarra eta kobrea kaltetuko zituela. Azken hori kentzea metala sakon leuntzea lekarke. Azkenik, gurutzearen, jantziaren eta hegalen errepika egitea proposatu zuten. Piezak behar bezala egokitzeko eta 3 dimentsiotan digitalizatzeko guztiz desmuntatu zuten irudia eta diziplina ugarietako kidez osatutako talde handi batek aztertu zuen.

Jantziaren metalografia azterketak agerian utzi du 20 interbentzio baino gehiago izan dituela: zilar eta urre purutasun desberdinak, kobre presentzia, soldadurak eta konponketak. Egurraren azterketak irudi barruan bost motatakoak daudela agerian utzi zuen: altzifrea (Lignum Crucis), intxaurra, ezkia, pagoa eta haritza.
TAC-aren bidez irudiaren sekretuak agerian utzi nahi izan zituzten. Haren bidez barruan metalezko kapsula bat zegoela ikusi zuten. Haren barruan lumaz eta gaztelaniaz idatzitako XIX. mendeko idatziak (otoitza laburrak, esker onekoak, eskaerak, egindako konponketak), konponketen ondoren gelditutako egur zatiak eta urrezko kabuxoian zegoen harribitxi bat zeuden. Bestalde, erretxinazko 3D kopiaren gainean landu dituzte irudiaren jantzi berriak.  

Irudiaz
Egun ezagutzen dugun Aralarko aingeruaren irudia 1753koa da, Jose de Yabar zilargile iruindarrak egina. Ordura arte aingeruaren irudia eta Jesus gurutziltzatu zuten gurutzeko erlikia, Lignum Crucis, bi ziren eta zilargileak irudi bakarrean batu zituen. Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondare izendatu zuen 2009ko irailaren 7an.

Ikerketak irudiaren garapena agerian utzi du. Ikerketaren sustatzaileek azaldu dutenez, Aralarko santutegiaren inguruko guztia ikertzen segituko dute: arrioa, esmalte aurrealdea, boli kutxa eta abar. Hori eta aingeruaren zaharberritzea liburua batean jasoko dute. Gainera, santutegiak aingeruaren irudia osatzen duten pieza guztiak eta bere arrioa ikusgai jarriko dituzte etorkizunean. Haiek laguntzeko eta irudiaren garapena hobe azaltzeko marrazkiak eta panelak jarriko dituzte.

Lantaldea
Zuzendaritza teknikoa: Alicia Ancho Villanueva eta Berta Balduz Azkarate.
Aralarko santutegia: Mikel Garziandia Goñi eta Migel Larranbebere Zabala
Gotzaitegoa: Mercedes Orbe Sivatte
Zaharberritzea: Carmen Usua Saavedra, Artus SL.  
Bitxigilea: Carlos Perez de la Rosa
TAC: Carlos Calderon Bonilla eta Luis Delgado Alda. Medicis Centro de diagnóstico radiológico de Navarra S.L.
Fotogrametria eta egurrezko gorputzaren errepika:  Pablo Serrano Basterra, Patrimonio Virtual.
Egurraren azterketa: Joseba Lizeaga Rica
LIBS bidezko metal azterketa: Enrique Azkoiti, CHI, S.L.
Zilarrezko egituraren 3D digitalizazioa: Javier Gabari, SICNOVA 3D
Aingeruaren garapenaren marrazkiak: Iñaki Dieguez Uribeondo

Argazkiak: Nafarroako Gobernua