Aniztasunaren alde, balioen aldarrikapena

Guaixe 2017ko eka. 30a, 08:31

Festetan Mank-ek aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio ezaren aldeko mezua zabalduko du. Zurrumurruen kontra egin eta pertsona migratu eta errefuxiatuen egoeraz jabetzeko ekimenak izanen dira ere.

Anitzartean, kulturartekotasun zerbitzuak sustatuta, aurten ere festetan aniztasunaren berdintasunaren, errespetuaren eta diskriminazio ezaren baloreak zabalduko dira ibarreko festetan. Hirugarren urtea da Sakanako Mankomunitateko zerbitzuak halako kanpaina garatzen duena. Bego Zestau Baraibar teknikariak aurkezpenean esan zuenez, duela bi urte hasitako sentsibilizazio kanpainaren jarraipena da aurtengoa.
Zestauk azaldu zuenez, kanpainak "elkarrekin harremana duten hiru zati ditu. Eta bakoitzak pankarta bana du". Teknikariak azaldu zuenez, "lan egiten dugu Sakanan bizi diren pertsona guztien elkarbizitza ahalik eta baikorrena izateko, estereotipoak eta aurreiritziak eta halakoak hautsiz". Hori duela bi urte egindako pankartan maite dituzten lau balioak (goian aipatuak) jarri zituzten eta horiek "bultzatzen" segituko du Mank-ek.

Aurtengo kanpaina
Udaletxeetako balkoietan, jai giroan, festetan, maite dut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza dioen pankarta jartzea. Aurreko urteetan etxajua piztu behar zutenei lelo bereko kamixeta jartzea proposatu zitzaien, baina aurten pegatinak eskainiko zaizkie. "Pegatinak euskaraz eta gaztelaniaz daude. Zinegotziren batzuk gaztelaniaz eskatu zituzten ere, eta aniztasun horri erantzunez egin ditugu".

Balore horiek sustatzen dituzten pegatinak festetan jende gehien mugitzen den tokietan jarriko dituzte. Sakanako sei hizkuntza "esanguratsuenetan" daude: euskara, gaztelania, arabiera, wolofera, errumaniera eta bulgariera.

Zerbitzuak zurrumurruen kontra aurten abiatutako estrategiarekin lotura du pegatinak. Horregatik maitatutako lau balioen azpian honakoa irakur liteke: zurrumurru jasari, baloreak aterki.
Zestauk azaldu zuenez, aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza "zurrumurruen eragin kaltegarri eta ezkorrei aurre egiteko erabil ditzakegu". Zurrumurruez Zestauk esan zuen: "pertsona, talde edo gertakizun baten inguruko hizkera ezkorra, aurreiritzi eta estereotipoz josia eta betea dagoena. Normalean oinarri sendorik eta zientifikorik ez duena." Zurrumurruek elkarbizitza oztopatzen dutela gaztigatu zuen."Lapurrak ez dira pateratan heldu,  ibilbide aberatsagoa dute.  Lapurrak ez dira ez beltzak, ez etorkinak, ez pobreak. Gehiago dira, bertakoak, txuriak eta aberatsak".

Atzera kontua: 88 egun
Errefuxiatuak eta migratuak ongi etorriak direla esanez udaletan pankarta jartzeko proposamena ere egin zuten zerbitzutik. "Adierazi nahian herria prest dagoela errefuxiatuak eta migratuak hartzeko".
Pankarta hori ez bada, atzera kontu bat duen pankarta jartzea proposatuko zaie udalei. 2015ean Europako Batasunak 182.504 errefuxiatu hartzeko konpromisoa hartu zuen, Espainiak 17.337 "eta %5 ekarri du bakarrik" eta Nafarroak 300 pertsona ekartzeko konpromisoa hartu zuen eta "gaur egun 35 pertsona daude bakarrik". Zestauk esan duenez "inork ez du konpromisorik bete eta irailaren 26an bukatzen da". Betetzen ez duenak isuna ordaindu beharko du, "eta horretan geldituko da hau ere". Atzera kontua duen pankarta, beraz, jakinarazteko eta salatzeko da.

Zestauk guztiaren zergatia azaldu zuen: "migratzea eskubide bat da, ez delitu bat. Mundua pertsona guztiena delako.  Denok dugulako kabida. Denak izan gaitezkeelako edozein arrazoirengatik migratzaile eta, zeinek daki, errefuxiatu ere bai. Eta hurrengoak gu izan gaitezkeelako".

Aldi berean, migrazio kontuetan egiten ari diren "politika hiltzaileak" salatu nahi dira ekimen horiekin. Sartzeko baimenak "tantaka ematen diren bitartean, harresiak jasotzeko sekulako prestutasuna eta dirutza dago". Zestauk gogorarazi zuen 2000. urtetik Mediterraneoan "bizia salbatu nahian" 32.000 pertsona hil direla. Anitzartean , kulturartekotasun zerbitzuak eta Mank-ek berak beste aldera ezin zutela begiratu esan zuen Zestauk.

Sakana Harrera Harana
Aurten sortu da plataforma. Migratuei eta errefuxiatuei ongi etorria ematen die. Talde berriaren egitekoa da migratu eta errefuxiatuen egoera zein den ezagutaraztea. Eta haiek bizi dituzten egoerak ere salatuko ditu plataformak.

Errefuxiatu eremuetan boluntario lanean aritutako sakandarrek osatu dute plataforma. Han ateratako argazkiekin herrietako festetan erakusketa jartzen ari dira. Haiekin harremanetan jartzeko bi bide daude: sakanaharreraharana@gmai.com e-posta edo Facebooken duten profila.

Bestela, gaur, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxea eraikinean bilera izanen dute eta ateak zabalik izanen dituzte.