Sakanako Plan Estrategikoaren barruan, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) azken urtea eskualde espezializazio estrategiaren definizioan eman du. Azterketa horrek erakutsi du Sakanan energia dela landu daitekeen aukeretako bat. Eta, hain zuzen ere, e-HIERA proiektu estrategikoa energia arlora bideratuta dago.
SGAko Aintzane Iriberri Berrostegietak esan digunez, "e-HIERA proiektu estrategikoaren helburua bi produktu berri garatzea da, biak ere energia biltegiratzera, edo zehazkiago, energiaren biltegiratze banatuan oinarritutako mikro-sareen merkatura iristera bideratuak". Batetik, lerro-turbina eta, bestetik, kontrol sistema. Iriberrik: "konturatu gara ur-punpatze sistema energia gordetzeko interesgarria dela eta etorkizun handia duela". Ohiko baterien aldean eraginkorragoa litzatekeela azaldu digu.
Merkaturatzea helburu
e-HIERAk proiektu estrategiko izendapena du "merkatu batean inpaktu handia izan dezakeelako eta dagoen teknologiaren abantailak handitu egiten dituelako". Hala aitortu dio ere Nafarroako Gobernuak 1,2 milioiko diru-laguntza emanez.
Proiektua irailean hasi eta 2019ko azaroan despedituko da. Hiru urte horietan energia ponpaketa banatuaren bidezko biltegiratzea garatuko dute. "Horrek nabarmen handituko du mikro sareetan oinarritutako proiektuen errentagarritasuna", zehaztu du Iriberrik. Eta azaldu digu mikro sareak energia elektrikoa hornitzeko sareak direla. "Sare horrek energia sortu eta kontsumitu egiten du (batez ere jatorri berriztagarria duena) eta betidanik, baterietan biltegiratu da".
Proiektuan Sakanako lau enpresek parte hartuko dute. Lidergoa Esekik izanen du eta bera arduratuko da mikro-sareen kudeaketaz. Iradi ingeniaritzak lerro-turbina diseinatuko du eta garatzeaz Pergmasa eta Arania tailerrak arduratuko dira. Azken horrek ere lerro-turbinak eginen ditu. Energia berriztagarrien garapenean aditua den Cener teknologia zentroaren laguntza izanen dute. Goienerren Nafarkoop zerbitzu kooperatibak merkatu elektrikoan sartzeko esperientzia emanen du eta Nilsa enpresa publikoak mikro-sareak ezartzeko aukera dauden tokien inguruko aholkuak eta negozio-ereduaren aplikazioaren gainean aholkatuko du. Iriberrik esan digunez, "proiektu horrekin Sakanako enpresa parte-hartzaileen espezializazioa handituko eginen da".
Lizarraga, probaleku
Lizarragako Kontzejuak ur biltegi zaharrarekin eta kanpo santu ondoan egin nahi lukeen beste biltegi berri batekin mikro-sarea osatu nahi du. Ura batetik bestera mugituz, gora eta behera, energia sortu eta gordetzeko sistema egin nahi du. Horretarako diru-laguntza eskatua du Lizarragako Kontzejuak. Gauzak ongi, proiektu estrategikoarekin sortutako lerro-turbina eta kontrol sistema han probatzeko eta euren abantailak neurtzeko aukera legoke. Lizarragako Kontzejuak, aldiz, eraginkortasuna nola handitu ikusiko luke.
Sakanan antzeko sistema ezarri dezaketen beste herri batzuk ere badaude, baina inbertsioetarako ez dute dirurik. Hala ere, Iriberrik esan duenez, “energia sortu eta kontsumitzeko beste bide bat dagoela ikusteko balioko du proiektuak”. Nilsa enpresa publikoak Nafarroan dauden aukerak begiratuko dituela esan digu teknikariak.