Sakanako Gozamenez Batzordeak antolatuta, aurten ere Ur Festa Goxoekin bikain pasatzeko aukera izango dute gazteek Sakanan. Zehazki, bost festa izanen dira guztira: garilaren 4an Altsasun, garilaren 13an Lakuntzan, garilaren 17an Irurtzunen, garilaren 19an Etxarri Aranatzen eta garilaren 27an Uharte Arakilen.
Asteartean Altsasuko Dantzaleku igerilekuetan gaueko bederatzietatik aurrera burutuko den Ur Festa Goxoarekin emango zaio hasiera 2017ko udako Ur Festa Goxoen egutegiari. 12 urtez gorako gaztetxoek har dezakete parte. Sarrera doanekoa da eta edizio honekin Altsasuk bederatzigarrenez hartuko du Ur Festa Goxoa.
Gozamenez
Sexualitatea eta gazteak gaiari buruzko programa bat da Gozamenez, gazteen sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik lantzea helburu duena. Sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi du gazteen artean eta gazteen eta haien bitartekarien artean –familia, ikastetxea, komunikabideak…–. Finean, gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian utzi nahi du, gune publiko eta ohikoetan. Eta nola? Gazteekin esperientzia ludikoak egiten, horien bidez ohartarazi nahi baitzaie gure gorputzak eta zentzumenak plazer iturri eta komunikazio bide direla.
Gozamenez programak antolatzen dituen artean dago Ur Festa Goxoa, aurten Sakanako bost herritan antolatuko dena.
Sakanako Gozamenez Batzordea edo koordinakundea ondokoek osatzen dute: Etxarri Aranazko Emakumeari Laguntzeko Zentroko hezitzailea, Altsasuko Gazteria Zerbitzuko teknikaria, Altsasuko, Etxarriko eta Irurtzungo Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio teknikariak eta Etxarriko kultur teknikaria.
Altsasuko Ur Festa Goxoa. Uztailak 4, asteartea, Dantzalekun
21:00 Aurkezpena.
21:00-23:30 Bainua eta ur-jokoak.
21:30 Bokata eta freskagarria (3 euro).
22:00 Dantza ikuskizuna. Aniztasun funtzionalak dituzten Sakanako gazteak.
23:00 Reggae Dja, Selektah Stepi (Bad Sound System).
23:30 Fruta txokolate beroarekin dastatzea.