Asteburuan Errioxan V. Sonserrano Ardoaren Ibilbidea 2017 Rallysprinta jokatu zen. 17 autok lortu zuten proba despeditzea eta 6 ibilgailu erretiratu egin ziren. Ilargi Sport taldeko Joseba Beola eta Jose Luis Irazoki (Mitsubishi Lancer Evo X) izan ziren azkarrenak (30:03). Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarrak podiuma zapatu zuen, bera eta Roland Holke pilotua (Peugeot 208 Vti) hirugarrenak sailkatu baitziren (31:24). Sakana Motorsport taldeko Etxeberriko Garikoitz Goñi pilotua eta Iñaki Arive kopilotua (Clio Sport) 15.ak sailkatu ziren (39:41), istripua izan eta gero. “Ongi atera ginen eta Clioekin lehia estua izan genuen. Sailkapen orokorrean zazpigarren postuan ere sailkatuak egon ginen, baina gauzak nola diren, bihurgune batean pixkat atera ginen, baina mahasti batera engatxatuta geratu ginen. Bi komisarioen laguntzarekin mahastia kentzea lortu genuen eta parke itxira iristea lortu genuen, denbora asko galduta. Pena izan zen, erritmo handian gidatzen geundelako, baina gauzak horrela dira” adierazi du Goñik.