Migel Indurain Fundazioak Nafarroako 124 kirolari diruz lagundu ditu eta beka horiek emateko ekitaldia antolatu zuen aurreko ostegunean Iruñean. Ekimen honekin puntako kirolariak laguntzea da asmoa, maila gorenekoak.
Migel Indurain Fundazioak guztira 200.796 euro bideratu ditu diru-laguntza hauetara, 2016an baino %10 gehiago. Igoera honekin, kirol paraolinpikoari emandako laguntzak parekatu egin dira.
Bekak emateko ekitaldian, fundazioko presidente Migel Indurain, fundazioko patronatuko presidentea eta Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilari Ana Herrera eta Kirol eta Gazteria Institutuko presidente Ruben Goñi izan ziren.
Beka jaso duten 124 kirolarien artean sakandarrak daude. Esaterako, kirol olinpikoen maila absolutuen atalean, lortutako emaitzengatik beka jaso du June Kintana disko-jaurtilari bakaikuarrak (4.000 euro). Bestalde, kirol olinpikoen junior mailako atalean, Maialen Aramendia txirrindulariak ere laguntza jaso du (1.500 euro), eta, bukatzeko, Dani Saldise areto futbol jokalari irurtzundarrak laguntza berezia jaso du (2.000 euro).