Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) 1973an sortu zen eta hasieratik bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea izan da eta lan-ildo nagusi hauek ditu: euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea, euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea.
1990ean sortu zen Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) asmoen artean daude euskararen erabilera bultzatu eta indartzea osasun-arloko profesionalen artean, irakaskuntzan, heziketan, eta lan-zentroetan, eta osasunari buruz euskaraz idatzitako aldizkari eta argitalpenen sorrera sustatzea.
OEEren ekintza indartsuena urtero osasun biltzarra antolatzea izaten da eta orain arte antolatu diren hogeita zazpi biltzarretan Euskal Herriko profesional ugarik parte hartzeko aukera izan dute ponentziak, komunikazioak eta posterrak aurkeztuz. Honela medikuen, erizainen eta beste lankideen arteko sarea sortzen joan da eta osasun arloko terminologia lantzeko aukera paregabea izan dira.
Osasun arloarekin lotutako aldizkari zientifiko baten beharraz jakitun ginen aspalditik eta azkenean OEEren eta UEUren lankidetzari esker jaio da OSAGAIZ, Euskal Herriko osasun-zientzien aldizkari berria. Lehenengo alea ikusteko: www.osagaiz.eus
Ale bakoitza osatzeko jatorrizko artikuluak jaso nahi ditugu eta horretarako guztioi dei egiten dizuegu espezialitate ezberdinetako lanak bidaltzeko eta denokin konpartitzeko. Edozein profesionalek ondo ulertuko dituzten lanak plazaratzea da gure asmoa. Biltzarretara aurkezten dituzuen lan horiek zertxobait gehiago landu eta bidali aldizkarira. Aldizkarian argitaratuko ditugu baita ere osasunaren eremuarekin lotura duten gai interesgarrien berrikuspenak, beste aldizkarietan argitaratutako artikulu interesgarrien balorazio kritikoak eta farmakoei buruzko informazioa. Argitaratutakoak egile-eskubideak eta DOI erreferentzia izango ditu. Aldizkaria elektronikoa izango da eta www.osagaiz.eus web orrian PDF formatuan argitaratuko da, ez da paperean zabalduko. Web orrian aurkituko dituzue egileentzako gidalerroak.
Zuen artikuluen zain gaude!