Errefuxiatuen aldeko talde sakandarra lanean

Guaixe 2017ko uzt. 7a, 08:33

Amaia Kidetako batzuk: Urriza, Alfredo Prieto, Juan Pedro Higuero, Josu Rubio eta Yolanda Beltza.

Sakana Harrera Harana udaberrian sortu zen eta hamar bat kidek osatzen dute. Bat egin edo lagundu nahi duenak sakanaharreraharana@gmail.com e-postaren bidez edo Facebook-en duten profilaren bidez jar daiteke harremanetan

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean, Kulturartekotasun Zerbitzutik bilerarako deialdia egin zuten apirilean. Errefuxiatuen gaiarekin sentsibilizatuta zeuden sakandarrak gonbidatu zituzten bilerara. "Horrela sortu zen Sakana Harrera Harana taldea", azaldu digu Yolanda Beltzak, "sentsibilizazio programak egiteko eta errefuxiatuen gaiaren gainean lan egiteko".

Beltzak esan digunez, guztiek "errefuxiatuen egoera oso larria" dela ikusten dute. "Gero eta jende gehiago dago bere lurraldetik ateratzeko beharrean. Eta pentsatzen dugu hemen ongi etorria eman behar zaiela, erakundeek ongi etorri hori egiten ari ez direlako". Sakana Harrera Haranako kideek, horregatik, "presioa" egin nahi diete.

Haietako batzuek errefuxiatuen egoera zuzenean ezagutzen dute, beste batzuk "hemen eta inguruko errealitatearekin mugitzen gara, baina beste lekuetan gertatzen ari denaren erreferentzia eta errealitatea galdu gabe" azaldu digu Alfredo Prietok. Alde horretatik, Sakana Harrera Harana talde "anitza" dela esan du.

Hiru hilabete eskas
Apiriletik ez dira gelditu. Prietok esan digunez, Irurtzungo bigarren eskuko azokan  parte hartu zuten, baita Olatzagutian antolatutakoan ere. Bilerak, bospasei, ere egin dituzte. Hamar bat elkartzen dira, nahiz eta uda sasoiarekin batera asistentzia jaitsi egin den. "Baina telefono eta whatsapp bidez ari dira zenbait gauza egiten, bagoaz poliki-poliki." azaldu digu Josu Rubiok.

Horien artean daude udalei jartzea proposatu dieten atzera kontua, zeinetan salatzen den Nafarroan 265 errefuxiatu hartzea falta dela eta haiek irailaren 26a baino lehen bertan egon beharko luketela gaztigatzeko falta diren egunen berri ere ematen duena. Gainera, Sakana Harrera Harana taldeko kide asko errefuxiatuen eremuetan lanean izan dira. Haiek egindako argazkiekin erakusketa prestatu dute, herrietako festetan mugitzen ari direna. Amaia Urrizak azaldu duenez, epe laburreko, udako, helburuak jarri dituzte, "sortu berri" direlako.  "Sortzen diren beharren arabera ari gara".

Errefuxiatuen gaia udal bilkuretara eramanen dute mozio bat aurkeztuz. Altsasun dagoeneko onartu dute. Urrizak ere esan du udalei konpromiso batzuk "sinbolikoak badira ere" sinatzea proposatuko dietela, "harrera herriak izateko". Beste taldeak ere lagunduko dituzte. Esaterako, larunbatean, Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak Greziako errefuxiatu eremuetara eramateko antolatutako jaki bilketan lagundu zuten.

Mugak zabalduz
Izen hori du Europar Batasuneko eta Espainiaren migrazio politikak salatzeko antolatu den karabanak, hilaren 14an Euskal Herritik abiatu eta 22ra arte estatuan barnako ibilbidea egin eta Melillan bukatuko duena. Sakana Harrera Haranako lau kidek parte hartuko dute karabanan. "Ihesi doazen milioika pertsonen eskubideak errespeta daitezen" eskatuko dute. Joan den urtean Greziara egindako karabanaren segida da aurtengoa.