Sustantzien kontsumoa txantxa ez delako

Guaixe 2017ko uzt. 7a, 08:53

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio Programek lau mezu zabaldu nahi dituzte: ez kontsumitzea aukera bat dela, drogak nahasteak arriskuak biderkatzen dituela, drogek norberaren irudia desitxuratzen dutela eta festa ongi bukatu daitekeela.

Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio programek, Leitzakoarekin batera, sare sozialen bidez zabalduko duten bideoa ekoiztu dute. Xabier Unanuak zuzendutako ikus-entzunezkoan "dena ez da txantxa" mezua landu dute. Zuzendariak azaldu duenez, "umore puntu batekin" landu dute kanpaina, "ukitzen diren egoerak jai giroan direlako". Unanuak azaldu duenez, grabatutako lau egoeren bideoen akaberan "hausnarketarako puntu bat izanen dute. Ikusi duzunaren inguruan pentsakor uzten zaitu, nork bere ondorioak ateratzeko". Gaineratu duenez, "ez gara ez alde ez kontra jarri, baizik eta, lau egoerak aztertu eta bakoitzari hausnarketa puntua eman diogu".

Lorena Arangoa aktoreak, hitzik gabe, jokatzen ditu lau egoerak: ez kontsumitzea aukera bat da eta errespetatu egin behar da; drogak nahasteak arriskuak biderkatzen ditu; drogek norberaren irudia desitxuratu dezakete eta, azkenik, festa ongi bukatzea, gehienetan, norberaren esku dago.

Helburuak  
Kanpaina osatzen duten lau bideo motzekin Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik lortu nahi dute norberaren erantzukizunaren kontzientzia hartzea egotea. "Gure jokaeren arabera gauzak modu batera edo beste batera izan daitezke" gaineratu du Iosune Zabala teknikariak. Bestetik, ez kontsumitzea pertsona askoren aukera dela nabarmendu nahi izan dute. Eta, aldi berean, ematen diren kontsumoen gaineko hausnarketa egitera bulkatu nahi dute.

Eneka Irizarrek azaldu duenez, 19. aldia da lau programek elkarrekin halako kanpaina bat elkarlanean egiten dutena. Urtez urte "gai asko jorratu ditugu eta adin desberdinengana jo dugu". Irizarrek azaldu duenez, "gaiak eskualdean ikusitako beharren arabera aukeratzen ditugu, elkarlanean beste profesional batzuek komentatutakoa kontuan izanda (orientatzaileak, ludotekariak, gazte teknikariak, gizartean dauden ohiturak edo joerak,…)". Orain arte, besteak beste, honako gaiak landu dituzte: kontsumoak orokorrean, alkohola, kanabisa, nahasketak, alkohola eta gidatzea, errespetua, tabakoa,…

Udan, herriko festekin batera,  egiten dituzte kanpainak jendeak "kalean denbora gehiago ematen duenez, kontsumitzeko egoera gehiagoren aurrean gaudenez, hausnarketarako momentu egokia dela pentsatzen dugu". Irizarrek euren egitekoa laburbildu du: "informazioa eskaintzea, kontzientziatzea, sentsibilizazioa eta  arrisku murrizketa".

Orain arte posta arruntaz zabaldu dute informazioa. Adinaren arabera bakarrik gazteari edo gazteari eta bere familiari etxera gutun bat bidali izan diote, "kanpainarekin eta azalpen batekin. Adin txikikoei zuzenduak izan diren kanpainetan, gurasoei ere bidali zaie azalpena eta gaia familian jorratzeko gomendioa". Estreinakoz whatsapp bidez zabalduko dute, baita Jaibusean eta zine saioetan ere.