Sanferminak hemen dira eta udako pilota torneo garrantzitsuenetako bat ekarriko dute berarekin, Sanferminetako Binakako Torneoa. Aurtengo sorpresetako bat Etxeberriko Julen Martija izanen da. Barriolaren eta Zubietaren bajak ordezkatzeko bidean Aspek aukera bat eman dio Etxeberrikoari; eta nolakoa, gainera. Martijak Iker Irribarriarekin osatuko du bikotea. A multzoan daude, Bengoetxea VI.a-Beroiz eta Urrutikoetxea-Larunbe bikoteekin batera. B multzoan, aldiz, Olaizola II.a-Albisu, Ezkurdia-Rezusta eta Altuna III.a-Zabaleta daude.
Halako bikoteekin, Sanferminetako Binakako Torneoa arrakastatsua izango dela aurreikusten da.
Irribarria eta Martija gaur hasiko dira lehian
Irribarriak eta Martijak gaur ekingo diote Sanferminetako Binakakoari, San Fermin egunean, gauean, 22:15ean Labriten hasiko den jaialdian (ETB1). Bengoetxea VI.a eta Beroiz izango dituzte aurkari. Ea emandako aukera ongi aprobetxatzen duen Martijak. “Ilusionatuta nago, poz handia eman zidan Sanferminetako Binakakoan arituko nintzela jakiteak, ongi sentitzen naizelako Labriten. Horrela ez balitz, errespetu handiagoa izango nuke San Ferminetan aritzearekin” adierazi du Etxeberrikoak. Nahiko lasai dagoela aitortu du Nafarroako komunikabide batean, baina torneoa hasteko gogotsu. “Enpresak eman didan aukera aprobetxatu nahi dut” dio. Iker Irribarriarekin ez du orain arte jokatu, baina berarekin bikote ona egitea espero du. “Niretzat San Fermin feriarik garrantzitsuena da, etxetik gertu dagoelako. Beste debut bat izango balitz bezala sentitzen naiz. Ilusioa handia egiten dit eta gogo handiarekin nago. Dena ematera aterako naiz” nabarmendu du.
Jaialdia zabaltzen duen partidan, Joanes Bakaikoak Iturriagarekin osatuko du bikoa, Errandonearen eta Erostarberen kontra jokatzeko.
Ezkurdia eta Rezusta larunbatean sartuko dira lehian, oraindik zehaztu ez den bikote baten kontra, eta Altuna III.a-Zabaleta aurrerago sartuko dira.
Joanes Bakaikoa Ardoaren desafioan
Garilaren 13an jokatuko da Sanferminetako Ardoaren Desafioa. Hiru partidatan lehiatuko dira Aspe eta Asegarceren ordezkariak. Lau t´erdian Joanes Bakaikoa etxarriarrak Mendizabal III.a izango du aurkari, binakakoan Elezkano II.a-Merino II.a Artola eta Untoriaren kontra ariko dira eta buruz burukoan Jakak eta Lasok jokatuko dute. Baina aurretik, garilaren 10eko jaialdiko hasierako partida jokatuko du Bakaikoak, Salaberrirekin bikoa osatuta. Ugalde eta Merino izango dituzte aurkari.
Bestalde, Adur Lasak, Lasa IV.ak, garilaren 12ko jaialdiko hasierako partidan jokatuko du. Ugalderekin osatuko du bikoa, Agirreren eta Iturriagaren kontra aritzeko.