San Ferminek herri kiroletan dakartena

Guaixe 2017ko uzt. 7a, 12:55

Larunbatean hasiko dira San Fermin Herri Kirol Jaialdiak. Kirolari sakandarrak aizkoran, trontzan, konbinatuetan eta motozerra txapelketan lehiatuko dira

Herri kirolek ez dute sanferminetan huts egiten. Garilaren 8tik 14ra bitartean, eguerdian hasita, egunero-egunero herri kirolez gozatzeko aukera izango da Iruñeko Udalak Nafarroako Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin antolatutako San Fermin Herri Kirol Jaialdietan. Gure kirolariek ez dute hitzordu garrantzitsu honetan hutsik egingo.

Asteartean aizkora, trontza eta konbinatua
Horrela, garilaren 11n, asteartean, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Lehiatuko diren 11 aizkolarien artean Joan Flores arbizuarra, Ander Jaka etxarriarra eta Iker Gorriti uhartearra daude. Beraiekin batera Jesus Etxeberria (Beintza Labaien), Koldo Garcia (Uharte), Moises Gogorza (Ezkurra), Eneko Pagola (Anotz), Jacinto Etxekonanea (Behintza Labaien), Xuban Kañamares (Arostegi), Victor Suarez (Madrid) eta Emilio Garcia (El Espinar) lehiatuko dira. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte eta onenek egingo dute aurrera txapelketan.

Ondoren, Nafarroako Kadete mailako Trontza Txapelketa jokatuko da. 5 bikote lehiatuko dira, tartean, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako bi: Inhar Astitzek eta Aimar Arañak osatutakoa eta Irati Igoak eta Axular Jakak osatutakoa. Unai Aleman eta Xabier Mitxelena (Basaburua-Baztan), Xabier Arraztoa eta Imanol Etulain (Basaburua-Baztan) eta Josu Elizalde eta Beñat Goikoetxea (Araxes) izanen dituzte aurkari. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai edo mozte egin beharko dizkiete. Azkarrenak Nafarroako txapeldunak izango dira.

Eta astearteko herri kirol eskaintzarekin bukatzeko, herri kirol proba konbinatu erakusketa eginen dute kimuen mailako Andra Marik, Igantzik, Berriozarrek eta Artzanegik.

Lasartek XIX. San Fermin Motozerra Txapelketa jokoan
Asteazkenean, garilaren 13an, XIX. San Fermin Motozerra Txapelketa jokatuko da. Izurdiagako Mikel Lasarte, Arostegiko Peio Kañamares eta Azkoiengo Juan Asin lehiatuko dira bertan. 30 minutuko bi txanda izanen dituzte eta txanda bakoitzean irudi bat egin beharko dute. Onenak jantziko du txapela. Bestalde, sanferminetako azken egunean, garilaren 14an, Mikel Lasartek motozerra erakustaldia eginen du; motozerrarekin egurrezko irudiak egingo ditu.