Ikasketa-zerbitzuari bultzada emateko asmoz

Guaixe 2017ko uzt. 7a, 12:06

Lakuntzako eskolako ikasleak institutura egindako bisitan soldadura praktikak egiten.

Sakana Lanbide Heziketa institutuak beste hainbat ikastetxerekin batera hori sustatzeko asmoz taldea sortu du. Ikastearekin batera bere komunitateari zerbitzua eskaintzean datza ikasketa-zerbitzua.

Sakana Lanbide Heziketako (LH) soldadura eta galdaragintza gradu ertaineko ikasleek Iturmendiko eskola berrian bizikletak aparkatzeko tramankulu bat behar zutela jakin zuten. Iturmendiar txikien eskaeretan eta elkarrizketetan oinarrituta egin zuten eta joan den urteko maiatzean jarri zuten.

LH ikastetxean ezarritako ikasketa-zerbitzuaren eredu da aurrekoa. Ikasleek euren trebetasun eta ezagutza teknikoak praktika profesionaletan komunitatearen alde jarri zituzten. Gainera, ekimena izatea, talde lana eta adierazkortasun gaitasunak landu zituzten. Enpresek gaur egun halakoak eskatzen baitituzte.



Topaketa Gironan
Aurreko ikasturteko jardun horregatik Sakana LH institutua finalista izan zen estatuko sariketa batean. Eta finalistak izan ziren guztiak Gironara gonbidatu zituzten joan den asteko ostegun eta ostiralean. Institutua ordezkatzen Berta De Pablo eta Lierni Galarraga joan ziren.

Ekintzaile Talentuan Heztea  jardunaldian 600 irakaslek parte hartu zuen. Ikasketa-zerbitzua ezarri zuten ikastetxeen arteko harremanak sortzeko balio izan zuen topaketak. De Pablok esan digunez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Errioxan egonkortuta dago. Nafarroan aspaldi hasi zen, baina ez dago finkatuta". Topaketak harreman sarea egiteko balio izan zuela jakinarazi digu irakasleak. Saretze lan hori errazteko e-posta eta whatsapp bidezko taldeak sortu dituztela azaldu digu. De Pablorendako Gironakoa "energia gorakada" izan zen, "ikasleen adinagatik eta egitura itxiagatik  LHn oso zaila delako ezartzea". Hala ere, euren asmoa da institutu guztiak horrela lan egitea.



Aurrera begira
Hezkuntza Departamentuan ikasturte berrirako asmoak aurkeztu zituzten maiatzean. Hark pagatzen baititu materialak.  Ikasketa-zerbitzuaren bidez komunitatearendako "gauzak txikiak" eginez segitzeko asmoa dute ikastetxean. Eta, aldi berean, ikasleen gaitasunak lantzen segitzeko. "Gainera, ibarra kohesionatzen dugu, Sakanako Plan Estrategikoan jaso bezala" ohartarazi digu De Pablok.
Ibarreko ikastetxeekin harremanetan jarriak dira aurretik eta haien beharrak zein diren badakite. Baina eskatzearekin batera beste ikastetxeek proiektuan parte hartze aktiboa izan behar dutela argi utzi du LHko irakasleak. Esaterako, elkarri bisitak egiten dizkiote.

Despeditu den ikasturtean Zelandi eskola publikoarendako hasitako lorategi bertikala ikasturte berrian despedituko dute. Horretaz aparte, ikastetxe horretarako eta Sagrado Corazon ikastexerako edukiontzi bereziak eginen dituzte. Luis Fuentes eskolarako bizikleta aparkatzekoa eginen dute (udalak materiala pagatuko du). Josefina Arregi klinikarendako konponketak egiten segituko dute.
Soldadurako ikasleekin batera, mendi ertainekoak ere aritu dira ikasketa-zerbitzuan. Haiek Oinarrizko LHko ikasleendako ginkana antolatu zuten.